“Baserrian apal bat dugu urte guztietako oroitzapenak pilatzeko, San Blasen txokoa da”

Bizitza osoa daramate Urkijo eta Barbarak baserrian lan egiten. / Kukutze elkartea

Okeluri baserriko kideak dira FELICIANA URKIJO ANGULO eta JOSE BARBARA URKIJO. Biak omenduko dituzte larunbatean Laudion egingo den San Blas azokan.

Azokan omenduko zaituztete. Pozik?

Feliciana: Iaz Josek esan zidan: “Datorren urtean zuri egokitu zaizu, ama”. Nik esan nion ezetz, ez nuela nahi. Hemen hobeto nago, nire etxean. Baina azkenean badirudi benetan omenduko nautela (barreak).

Jose: Polita izango da, ziur. Nik esan nien gazteegia naizela omenaldiak jasotzeko, baina tira...

 

“Abere-hiltzailea naiz, duela 30 urtetik hona. 2000. urtetik parte hartzen dut San Blasen”

 

Azokaz gozatzeko beste modu bat izango da, ez?
Feliciana: Ni ez naiz inoiz egon azokan. Baina Jose urtero arduratzen da txerria hiltzeaz.

Jose: Bai, abere-hiltzailea naiz, duela 30 urtetik hona. 2000. urtetik parte hartzen dut San Blasen, txarto oroitzen ez badut.

Felciana: Gure txokoan apal batzuk ditugu oroitzapenekin, San Blasen txokoa da.

Bizitza osoa baserrian igaro duten pertsonei aitortza egitea da omenaldiaren helburua.
Feliciana: Nik bizitza osoa daramat baserrian! Okondoko baserri batean jaio nintzen eta bertan guztiok laguntzen genuen ganaduarekin. 14 urterekin zerbitzari gisa lan egitera joan nintzen, baina ezkondu nintzenean -martxoak 3 batean, 22 urte nituelarik- etxera etorri nintzen nire senarrarekin. Hortik aurrera bizitza osoa igaro dut behiak jetzitzen... eta egin behar zen guztia egiten, noski.

Lan eta lan.
Felciana: Nire begiek ez dute oporrik ikusi. Baserriko lana oso gogorra da: goizeko lehen orduetatik gauera arte, egunero. Igandeetan mezara jaisten ginen nire senarra eta biok, paseo bat ematen. Seme-alabentzako gozokiak igotzen genituen gero, oso pozik jartzen ziren!

Lan gogorra izanda ere, saria du.

Jose: Noski, ez da inoiz falta txorizo edo urazaren bat jateko. Egia da lan handia egin behar duzula, baina gero emaitzak dituzu bueltan, eta kalitate handiko produktuak dira, oso gozoak eta naturalak.

Feliciana: Izozkailuak betetzen ditugu eta ez zaigu jatekorik falta! Nahiz eta dirurik ematen ez duen... nire senarra fabrikara joan behar izan zen lan egitera eta Josek ere kanpoan lan egiten du orain.

 

“Baserrian 12 pertsona bizitzera iritsi ginen: nire senarra eta ni gure zortzi seme-alabekin eta aita-amaginarrebekin”

 

Okeluriko lana behiak zituen ardatz?

Feliciana: Hori da. Bi idi genituen, ardiak... baina esne behiak, batez ere, eta saldu egiten genituen.

Jose: Norbanakoentzako eta Beyena markarentzako ekoizten genuen. Oiloak genituen baita ere, eta arrautzak saltzen genituen.

Feliciana: Nire senarra herrira jaisten zen Vespinoan. Josek izan zuen etxeko lehen autoa!

Etxeko jende guztiak laguntzen zuen?

Feliciana: Noski! Baserrian 12 pertsona bizitzera iritsi ginen: nire senarra eta ni gure zortzi seme-alabekin eta aita-amaginarrebekin. Aitonaren lehengusina bat egon zen baita ere, landan lan egiten zuena hemen bizitzearen truke. Gorra zen, baina inork baino gehiago egiten zuen lan! Baserria ere hor zegoen, “talde” osoa zaindu behar genuen, noski.

Jose: Anaiak eskolara joan baino lehen altxatzen ginen laguntzeko, eta esne-marmitak jaisten genituen gero, bidaia baliatzeko.

Feliciana: Asko ginen, baina baserriko lana ez da inoiz amaitzen! Guztientzako haina dago (barreak). Haurdun nengoenean ere jetzitzen nituen behiak, horretarako makina jarri genuen arte, duela 42 urte inguru.

Bizitza zoriontsua zen?

Jose: Bai. Guk ez dugu inoiz bizikleta bat izan, adibidez. Baina imajinazioa nahi-beste genuen.

Orain Jose da baserrian lekukoa hartu duena.

Feliciana: Seme nagusia oso gazte hil zen eta gainontzekoek lana aurkitu zuten eta joan egin ziren. Ezin ziren ezta guztiak geratu. Hala ere, beti inguruan aritzen dira, laguntzeko prest.

Jose: Bai, ni nago, batez ere, baina nire anaiak mandoak ditu. Eta abere-hiltzailearen lana nire aitaren lehengusu batetik datorkit.

Feliciana: 3:30ean jaikitzen da etxeko lanak egiteko lanera joan aurretik!

Hori oso gogorra da, ez?

Jose: Bai, baina tira, loteria egokituko balitzaidake... (barreak) Baina oraindik ez dugu zorte hori izan!

 

“Etxekoak 36 gara: 12 iloba eta 4 birbiloba ditut. Imajinatu ezazu!”

 

Eta zuri, Feliciana, ez dizu penarik ematen baserriko lanekin ez jarraitzea?

Feliciana: Ardiak kendu genituenean eman zidan pena, batez ere, lan asko ematen zuten arren. Zaborrak ateratzea zen guztien gustatzen zitzaidana, behien oheak garbitzea.

Jada ez dut oroitzen noiz igo nintzen oilategira azkenengo aldiz... baina semeek esaten didate ez joateko bertara, ezta ukuilutik ere, erori ahal naizelako... laguntzera mugatzen naiz. Gaur txorizoak ontziratzen egon naiz, adibidez.

Familiak gustuko du baserrira etortzea, ez?

Jose: Bai! Etxekoak 36 gara: 12 iloba eta 4 birbiloba ditut. Imajinatu ezazu! Txokoan mahai oso luze bat daukagu, baina txiki geratzen zaigu Gabonetako edo Urte Berriko ospakizunetan.

Gaur goizean nire birbiloba txikiena etorri da. Urte eta erdi baino ez dauka, baina asko mugitzen da! Laguntzen nauela esaten dit, baina ez dakit lan gehiago ez ote didan ematen (barreak). Argazki guztiak urrun utzi behar ditut bera datorrenean... baina tira, hori da zoriontasuna, ez?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide