Urtea bukatu den honetan eta azken hilabeteotan, herritarrok eta haien artean zinegotzi bezala gabiltzanok, udal jardueraren gabeziak jasan ditugun heinean, udal zerbitzuen gainean hartzen diren erabakien balorazioa egitea dagokigu.
Hilerriko zerbitzuari dagokionez, orain arte, obra eta zerbitzuetako langile batek betetzen zuela badakigu, baina hemendik aurrera eta EAJ-PSEren erabakiaren eraginez, lanpostu hori desagertuko da eta horren ordez, kale garbiketaren zerbitzuaren barne esleituko da. Aldaketa hau nahikoa ez balitz, hilerriko langilearen funtzioen artean lorazaintza lanak ere egitea zegozkion, beraz kale garbiketaren zerbitzuaren barne egon behar zirela uler genezake. Oraingoan behintzat ez da horrela izango, esleipenerako oinarrietan lan horiek kontuan hartu ez direlako. Jakin dezagun erabaki honekin azpikontratatzen eta garestitzen ari direla orain arte udalak berak eskaini eta egin izan duen zerbitzua.
Lorazaintza zerbitzua ere prekarizatzen saiatu dira langileen baldintza ekonomikoak betetzen ez ziren dokumentua aurkezten, hanka-sartze honen ondorioz udalak zerbitzuaren kontratazio prozesua bertan behera utzi behar izan du. Zuzentze ikuspuntu batetik, behin eta berriro pleguak teknikoen atzean izkutatzeak eta aitzakia politiko gisa erabiltzeak, administrazioaren erritmoa kaltetzen du, gauzak hala administrazioak efizientzia galtzen du.
Kale garbiketaren kontratazioan zerbitzuaren enpresa irabazlea nor den gutxi barru jakingo dugu, baina galtzaile nagusia nor den argi dago: herritarrok. Diru publikoarekin eta zerbitzu horren hobetze aitzakiarekin enpresa batek udalarenak diren ibilgailuak doan eramango ditu, hauek bueltatzeko beharra ez delako aurreikusi esleipenerako pleguetan. Txikikeria dela pentsa genezake, baina inori bururatzen zaio ezezagun bati hurrengo lau urteetarako auto berria erosteko dirua ematea, berak erabiltzea eta oparitzea epe hori amaituta inolako gasturik gabe? Hiltegiaren zerbitzuaren kontrako itsukeria eta abeltzainak diruz-laguntzeko promesak egiteak ez die kontsumitzaileen beharrei erantzuten, are gutxiago lehengo sektoreari dagokion esparrua asetzen. Eraikinen eta instalazioen gainean eskaintzen diren zerbitzuetara ere eztabaida luza dezakegu, erabiltzaileen eskubideak mugatu direlako, batik bat, ordutegi zorrotzen gaineko erabakia, eraikin horien erabilpena ukatzera eramaten dituztelako. Edota espazio berriak saldu nahian, azpiegitura zaharren erabiltzaileen haserrea, inbertsioa kolokan jartzen duela esan daiteke, patinatzaileekin gertatu den moduan.
Horrelako erabakiak arriskutsuak iruditzen zaizkigu, batetik herriak eskumen zuzenak galtzen dituelako, bestetik herritarren eta udal langileen arteko harremana gero eta urrunagoa delako. Udal-zerbitzuak kanpora ateratzearekin, harremanak administrazio publikoaren eta herritarren artean gertuak izan beharrean, gero eta gehiago aldentzen dira. Udaletxeak gure auzokideen bizitzak errazteko dagoen tresna izan behar du.
Udal zerbitzuen duintasunak, lotura estua du gobernatzeko gaitasunarekin, ardura teknikoen gainetik, erabaki politikoa dagoelako, baina ez ahaztu azken hitza herriarena dela.
Antola gaitezen eta berreskuratu dezagun herriarena dena.