15 egunez, gure kaleak euskararen aldeko ahotsez, kultur ekintzez, errebindikazioz eta kantuz bete dira. Euskaraldiaren amaiera da, eta berarekin, egindako promesa eta hartutako konpromisoena. Postureotik harago, gure herrian euskararekiko norabide-hausnarketa egitea dagokigu.
Orain dela hamabost egun, azaroko ohiz kanpoko osoko bilkuran, gobernu-taldeak erabaki zuen eskatzen zitzaien euskara maila lortu ez zuten funtzionarioen hizkuntza-profilak ezabatzea, funtzionarioen hizkuntza ofizialaren ezgaitasuna sarituz. Aitzakia ez zen oharkabean pasa, gizatasuna zen kontua, enplegua egonkortzeko prozesuan aurkeztu ezin diren funtzionarioak. Izan ere, gure euskara munduko bosgarren hizkuntzarik zailena da, hori ziurtatu zuen behintzat urte honen hasieran hain sententzia polemikoa eman zuen epaileak. EAJk aldebakarrez hartu zuen erabaki hura, sindikatuetako ordezkarien, euskara teknikariaren eta Hizkuntza Politika Sailaren txostenak kontra izanda ere.
Debatea langileen eta euskararen artean kokatzen da, norabide okerrean, langileen eskubideak bermatuak daudelako, non euskara ikasteko tresnak eta baliabideak dituzten. Ez da erreparatu, aldiz, herritarren eskubideetan. Gutxi batzuen mesederako eta askoren kalterako hartutako erabakiak gorabehera, ahaztu egin dute jazarpena jasan arren bizirik dirauen hizkuntza dela, duela 2100 urtetik hona gutxienez.