Martxoak 14

Egun zoragarria dago... Amalurraren keinu ironikoa dirudi, dugun giroa ikusita. Abstraitzeko ze hobeto, parketik zein Arrañotik osteatxoa egitea baino, ate joka dugun udaberriaren zantzuak ahogozatzeko.

Ohi bezala parkean hasi dugu paseoa eta “Ponpeia” ondoko zidorretik gora egin dugu. Aldatseko belar guneetan sakabanatuta agertzen diren lore  luzanga eta morexkei errepatu diegu. Xanporak (Cardamine pratensis) dira eta garai honetan inguru hau edertzen dute, zuhaitzen arteko  tarte zabalen  giro argitsuak lagunduta.

Murrua pasata eta parkeko eremua atzean utzita, Arrañora doan bidexketako bat hartu dugu, Gaztelura eramaten duena hain zuzen ere. Hemengo giroa basatiago da, argitsua hala ta guztiz ere,  sahatsak (Salix atrocinerea) eta elorri beltzak (Prunus spinosa) loretan daude dagoeneko eta landare belarkaren artean pulmoni belarra (Pulmonaria angustifolia) nabarmentzen da.

Gaztelura helduta, Arrañoko etxe tipikoen artean jarraitu dugu paseoa, ur-biltegiaren gaineko jolasgunera arte. Hemen, Gurutzera daraman zidorra hartu beharrean, errepidetik jarraitzea dut gogoko. Izan ere, Arraño mendiko belardiak hasten diren leku honetan (azkeneko errepidea eta harrizko ezpondek bat egiten duten lekuan),  landaretza aberatsa agertzen da, akaso orientazioak ahalbidetuta eta beste inon agertzen ez diren espezieak hemen hazten dira. Gaurkoan, zenbait gramineaz gain, urteko lehengo sanjuan belarrak (Hippericum perforatum) ikusi ditugu eta baita ere gerotsuago ugariak izango diren  idi begia (Pallenis spinosa) eta galdarrona (Ononis spinosa) loreak.

Bidegurutzera helduta, hau da,  errepide lauak, behe aldetik datorrenak, azken etxeetara doanak eta Arraño mendira igotzen de hormigoizko pista aldapatsuak bat egiten duten lekura, “kontrolatu” beharreko espeziearen hiru ale ikusi ditugu: panpa-belarra (Cortaderia selloana). Arrañoko bakarrenetakoak dira baina  espezie inbaditzailea izanik kontrolpean edukitzea inposatzen da.

Hormigoi marraduna duen pista aldapatsutik eskuinera eta ezkerrera, Arrañoko eremu osoko gunerik nabarmenena zabaltzen da orkidea espezien aniztasunari begira. Eskuin aldean eta une honetan, orkidearik goiztiarrenaren ale ugari ikusteko aukera daukagu: Ophrys fusca.

Udaberriak aurrera egin ahala, espezie gehiago ikusiko ditugu gune honetan,  Himantoglosum Hircinum, Muskerraren  orkidea izenarekin ere ezaguna den  lorearen ale eder bat besteak beste (Espezie Mehatxatuen  Katalogoko landarea).

Hormigoizko pistara bueltatu eta ezkerretara joz, nik “Arrañoko loretokia” deitzen dudan gunera heldu gara. Orkidea ugariko bizilekua izaten da leku hau udaberriero, hektarea eskaseko eremuan hamar orkidea espezie batera ikusteko parada izango dugu eta. Baina momentuz goiz da espezie horientzat eta soilik Ophrys sphegodes-en ale herabe eta nimiño batzuk agertu zaizkigu.

Argi dago landare aberastasun handiko eremua dela honako hau (Arraño mendira auzotik igotzen den hormigoizko pistaren inguruak alegia) espezie mehatxatuak daudela gainera eta ondorioz, agintariek bioaniztasun hori kontuan hartuta, inguru honek jasaten dituen giza erabilerak ( aisialdia, abeltzantza, loregintza lanak,…) kontrolpean eduki beharko zituztela.

Ezkeraldean dagoen eremu horretako bidexka hartuta, duela urte gutxi batzuk egindako  lurrezko pistara aterako gara. Pista honek Arrañoko hegoaldeko magal osoa zeharkatzen du eta  egurra ateratzeko  egin omen zuten, eukalipto landaketa batetaraino heltzen da eta. Baina pistatik jarraitu beharrean, Arraño aparkalekura zuzen eramaten duen zidorra hartu dugu,  orkideetan nahiko txoko aberatsa baita. Esan bezala, goiz da orkidea espezie gehienentzat eta Vinca difformis izeneko lore more eta politaren talde bat  besterik ez da nabarmentzen.

Arrañoko aparkalekuan agerian gertatzen da gaurko eguna ez dela normala, ezohiko giroa somatzen da , autoan eta paseoan dagoen jende andana dago egunaz gozatzen.

Guk gora jarraituko dugu Luxa auzorantza doan errepidetik gora, landaretzaren gorabeherei  so eginez eta  egurats garbiak lagunduta, Arrañok eskeintzen dituen ikuspegi ederrekin gozatzen: Gorobel, Arrola, Gorbeia,  Untzueta, Goikogane , Kamaraka, Ganekogorta, Galarraga…

“Paso candadiense”-an dagoen “Zirkulatzea debekatua” seinaleari muzin egiten dio gora ta behera dabilen kotxe mordoak; guk aldiz, eremu honetan errepide ondoan beranduago haziko diren Muskerraren orkidea delakoaren zantzuak bilatzeko aprobetxatzen dugu. 

"Parrandan" ari diren azken gazte taldeak atzean utzita (“behatokian” sekulako berbena dago!), astigarren basotxoan sartu gara. Zuhaizti txiki eta pinpirin  honen behe aldean hainbat pago daude ta zuhaitz hauen  magala gogoko izaten du  Orchis mascula orkideak. Hala da gaurkoan ere eta aurrerantzean eremu honetan arrunta izango den orkidearen lehen aleen fuksia  koloreak bizia ematen dio giroari.

Inguru honetan ere, Potentilla montana eta kirtengorri (Ajuga reptans)  loreak agertzean hasiak dira dagoeneko.

Basotik, Arrañoko puntara abaitu gara belardi  berde goxoan gora. Ederra dago eta udan kardaberez betetako eta aziendek zanpatutako lur sikuarekin duen aldeaz mintzatzen  gara. Arrañoko eremu osoan bezala, eszilak (Scylla verna)  nagusi dira belargunetan eta non-nahi agertzen dira.

Gailurreko inguruak ere, udarberriaren amaieratik aurrera lurrak erreta dirudi, zaldi-behi-ahuntz-ardi korotzez beteta. Orain aldiz, belar fresko eta berdearekin batera, artzai zakua(Capsella bursa-pastoris) landarez eztalia agertzen da. Burdinezko mugarriak eta lehenengo kimuak ernatzen dituen elorri zuriak zaintzen dute Laudio haraneko behatoki aparta hau.

Egunaren azkeneko argiekin batera, Luxa auzora jeitsi eta errepidetik etxerako bidea hartu dugu, inolako presarik gabe.

Badator udaberria! Gozatuko dugu! Animo!!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide