Aratustearen orkidea

Landareen mundura hurbiltzen zaren lehen momentutik, orkideak nabarmenduko zaizkizu. Errepide ezpondetan zein mendi inguruetan ikusita, espezie arruntenak ezagutzen hasiko zara. Eskolako argazki herbarioan alerik bilatuenak izango dira eta identifikatzeko komeriak geroxeago etorriko dira. Zalantza barik, lorerik ikusgarrienak direlako eta gure inguruetan udaberriero hamaika espezie berez hazten direla jakite hutsa edonor kitzikatzeko modukoa da. Horregatik bibliografia apur bat lortzeko lehen aukeran, bertako orkideen gida ezin falta izan.

“Orquídeas de Navarra” (1982) Euskal Herrian landare berezi hauen inguruko lehen argitalpen monografikoa izango zen ziur aski. Egun zeharo zaharkituta dago baina eskuetan eduki eta aurreneko sensazioa liburu tekniko baten aurrean egotea izan zen, basogintza ikasketak amaitu berri dituenarentzat handiegia akaso.
Liburu honekiko harremana estutu nuen loreen irudi sinpleei esker eta posta bidezko komunikazioa inposatu zitzaidan garaietan, gutunak apaintzeko edota postal txukunak egiteko oso lagungarria izan nuen, orkideen marrazkiak erabiliz. Orduan hasi nintzen bestelako orkidea espezie gehiagoren izenekin familiarizatzen eta neurri berean, hauen mundu txundigarriaren berri izaten.

Azkenik Arrañoko landare aberastasunaz jabetzeko aukera etorri zen eta topatzen nuen orkidea espezie bakoitzeko aurkikuntza berebizikoa iruditzen zitzaidan.

Orkideei esker, bizitzako hainbat arlotan bezala, "lagun birtusoarekin" bat egiteko aukera izan nuen beste behin ere. Geroztik, eta 20 urte baino gehiago pasatu dira dagoeneko, bere ekinbide eta lana erreferentzia izaten jarraitzen dute niretzat.

Nire botanika ezagupenak mugatuak dira eta jakin-mina izan da orkideon mundura hurbildu nauena. Mundu honetan sartu ahala, landare hauen ezaugarriak direla medio, inguruan eboluzionatzeko, mutatzeko eta hibridatzeko duten ahalmen azkarrari esker batez ere, bere konplexotasunaz jabetzen zara, adituei ere sekulako zailtasunak sortzen dizkiona.

Ophrys orkidea generoa konplexotasun horren adibide garbia da. Grezierazko jatorrian “bekaina” esan nahi du eta polinizatzen dituzten insektuen forma hartzeagatik bereizten dira Ophrys taldeko orkideak, zein baino ederrago eta bereziagoa. Talde honetako espezierik konplexuena "fusca" (iluna, grezieraz) dugu eta Arrañoko landarretan otsailetik maiatzera ikusteko parada dago, ingurumari osoko orkidea espezie goiztiarrena izanik.

Adituei buruhauste handiak eman eta ematen dizkion espeziea da, azken hamarkadetan “azpiespezie” berriak antzeman zaizkiona, modu azkar batean esatearren. Adituek “azpiespezie” ala “aurre-espezieak” diren ez dute argi. Nik ez dut saltsa horietan sartzeko inolako asmorik eta nire lagun birtusoaren irizpidearekin berriro ere fidatuz, Arrañon “miretsi” ahal dena O. fusca taldetik eratotitako Ophrys lupercalis espeziea da. Bitxia da, “lupercalis” abizenak otsailaren erdialdean ospatzen ziren Lupercalia jaietan baitu jatorri, errotamatarren aratusteak alegia, bere izaera goiztiarrari erreferentzia eginez.

Duela 40 urteko argitalpenetan agerian geratzen zen O. fuscaren inguruko nahasmena adituen artean, baina garai hartako zenbait aldaera espezie bilakatu dira denboraren poderioz. Besteak beste, "vasconica" abizena daramana, "Euskal Herriko orkidea".

Ez dakit ditxosozko konfinamendua dela medio, noiz paseatu ahal izango dugun Arrañoko landetatik baina gutxienez jakin ezazue otsailetik maiatzera arte ikusteko aukera izango ditugu lore ikusgarri hauek.

Eta bitartean, ahal dugun moduan, goza dezagun udaberria. Besarkada bat.

INDARRA ETA OSASUNA.

AURRERA BETI

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide