Badira hiru urte herriko txoko eder honen natura aberastasuna balioan ipintzeko ekimen ezberdinak martxan ipini genituela. Zalantza barik, Arrañoko aberastasun horren ikur nagusienetakoa orkideak dira, izan ere, udaberriero lore familia eder honen hogei ezpezie inguru hazten bait dira bertako larreetan , berezi-bereziak horietako batzuk.
Blog honetan sarritan izan dugu hizpide orkideak eta espezie batzuen inguruan aritu izan gara, beti ere loreon kalteberatasuna agerian utziz. Zaugarritasun hori are agerikogoa suertatzen da arriskuan dauden espezieak direnean. Gurean, bi espezie dira (zein baino ederragoak) mehatxatutako landareen zerrenda gorrian daudenak: bata, Orchis italica, espezie kaltebera bezala katalogatuta; Himantoglossum hircinum bestea, "espezie bakanak” atalean agertzen dena.
https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/p43aBOPVWebWar/VerParalelo.do?cd2011000937
Gure orkideen zaurgarritasunaren berri eman dugu behin baino gehiagotan eta Arrañoko naturgunearen kasuan hauxek dira antzemandako mehatxu nagusiak: abeltzaintza gainkargaren ondoriozko kalteak batetik; landare aniztasuna aintzat hartzen ez duten loregintza praktikak bestetik; eta azkenik, herritarren ezjakintasunaren ondoriozko kalteak.
Mehatxu horiek ekiditea, espezie kalteberen kontserbazioa eta herritar guztiei lore eder hauek arduraz miresteko aukera ematea lirateke ekimen berri honen xedeak. Horretarako, arriskuan dauden espezie horien ale guztiak (4 osotara) babestu ditugu sare metalikoekin, kartel informatiboez lagunduta. Hesitutako orkideak bisitatuez gero, beste espezie batzuk ikusteko aukera izango dugu eta beraz, gozatu!
Itxiturek aipatu helburuak beteteko dituztelakoan, bisitariei ingurua gozatzeko eta errespetatzeko deia egitea besterik ez da falta. Arrañoko orkideak ederretsiz, Arrañoko natura eta paisaia zainduz, garai latz hauetan geure burua ere zainduko dugulakoan.