1937. urtea, Espainiako Gerra Zibila. Hegazkin naziek Gernika herria dute helburu. Azoka eguna da, herria jendez gainezka. Teresa, errepublikanoen prentsa bulegoko argitaratzaile gazteak Henry ezagutuko du, ipar fronteaz berri ematen ari den kazetari amerikar bat. Gernikak biziko duen suntsipenaren testigu eta protagonistak izango dira biak.
Amodio istorio huts bat baino gehiago eta, aldi berean, Gernikaren bonbardaketaren kronika bat baino gehiago ere. Horrela definitu dezakegu Koldo Serra euskal zinemagilearen azken lana. Hollywood-en ekoizpen handien xarma jaso eta berea egiten du zuzendari bilbotarrak, gure historiaren une ilunenetako baten bortizkeri guztia aurkeztea lortzen duelarik.
James Darcy, Maria Valverde, Jack Davenport eta Barbara Goenagaren lan bikainek ez dute bonbardaketaren ikusgarritasuna itzaltzen, une hori baita filmaren une gorena. Hegazkin naziek eragingo diguten nazka, filmatzerako orduan egindako lan bikainaren seinale da. Guztiz gomendagarria den filma hau ikusteko iradokizun txiki bat: Gernika protagonista bada ere, hau ez da euskaldunek Gerra Zibilean bizitakoaren kronika bat. “Hollywood estiloko” istorio bat baizik. Hori argi badugu, filmaz gozatuko dugu bai ala bai.