Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak eta Laudioko Udalak, Laudio, datu estatistikoekin tokiko gobernuaren kudeaketan eta erabakietan laguntzeko tresna garatuko duen Euskadiko lehen udalerria izateko hitzarmena sinatu zuten irailean.
Horrez gain, udalerriari buruzko informazio interesgarria ematen zaie herritarrei. Horrela, Udalaren barne-informazioa, Eustaten informazio publikoa eta beste zenbait metrika publiko jasotzen dituzten hainbat aginte-taula estrategiko egin dira. Horiei esker, edozein laudioarrek, hainbat datu eskura ditzake nabigatuz, eta Laudio EAEko beste udalerri batzuekin alderatu, erabiltzeko intuitiboa eta erraza den tresnaren bitartez. Informazio horretara udalaren webgunetik heltzen da.
“Tresna horrek helburu bikoitza du: alde batetik, kudeatzaile gisa erabaki hobeak hartzen laguntzea eta, bestetik, edozein herritarrek modu errazean udalerriari buruzko informazio garrantzitsua ezagutu ahal izatea”, adierazi du Ander Añibarro alkateak.
Tresnak hainbat arlotako 60 adierazle baino gehiago biltzen ditu, hala nola demografia, Laudioko jarduera ekonomikoa, merkataritza, enplegua, gizarte-garapena, berdintasuna, euskara, udal-aurrekontua edo udalerriaren hiri-garapena.
Gainera, erabiltzaile bakoitzak jasotzen duen informazioa pertsonalizatu dezake, Laudiorekin alderatu nahi dituen udalerriak aukeratuz, aztertu beharreko aldiez gain.