Datorren ikasturtean, 2023-2024, Laudioko Udalaren eta Elhuyarren eskutik, Bizilabe Laudio aisialdi eskaintza jarraitua izango da aukeran. Herriko gaztetxoek (2010-2013an jaiotakoek) zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzailetza eta sormena landuko dituzte han. Gainera aurten jarduerak DBHko 1. eta 2. mailako ikasleengana ere iritsiko dira lehen aldiz.
"Haurrak eta nerabeak beren kabuz teoriak eta esperimentuak garatzera bultzatzea da helburua, adin goiztiarrean zientzia eta teknologiarekiko grina pizteko eta abentura zientifikoetan murgiltzeko", azaldu du Aitor Fernández Hezkuntza zinegotziak.
Gazteak astero bildu, eta esperimentuak eta proiektuak egingo dituzte, STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) arloetako profesionalen laguntzarekin, gaitasunak landu eta garatzeko.
Programan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete jada web orriaren bitartez. Guztira 15 plaza eskainiko dira talde bakoitzeko. Eskariek eskainitako plaza kopurua gainditzen badute, itxarote-zerrenda bat eratuko da. Bestalde, onartzeko, inskripzioen ordena eta genero-aniztasuna hartuko dira kontuan (40/60 ordezkaritza). Informazio gehiago nahi izanez gero, edo zalantzaren bat argitzeko: bizilabe-laudio@elhuyar.eus.