Lateorro eskola Latiorro eskola izatera pasatu da

Erabiltzailearen aurpegia Laudio Ibarra 2015ko aza. 12a, 10:58

Latiorro auzoko ikastetxeari erreferentzia egitean, Latiorro erabili beharko dugu gaurgero eta ez orain arteko “Lateorro”, duela gutxi izena aldatu baitiote ikastetxeko arduradunek, auzoaren izendapen ofizial eta historikoarekin bat egiteko.

Bide batez, bitxikeria moduan, erabaki horretarako ikastetxetik eskatu zuten txostena, aldaketa horren gorabeherak azaltzen dituena.

Azalpen historikoa:

Latiorro Laudio udalerriko herrigunean dagoen auzo baten izena da. Oso populatua izateagatik, nolabaiteko garrantzia du toki-izenaren zuzentasunak.

Alabaina, ez da beti horrela izan eta duela mende erdira arte, Latiorro izenaz baserri batzuk eta bere landa ingurunea baino ez ziren ezagutzen. Ez zen, inolaz ere, auzune handi moduan kontsideratzen 1960-70 hamarkadetako neurrigabeko garapen industrial eta urbanistikoa izan zen arte. Horregatik, agian, hainbat aldaketa jasan izan ditu izenak historia hurbilean.

"LATIORRO" ETA "LATEORRO" IZENAK HISTORIAN ZEHAR

Testigantza historiko-dokumentalak ditugunetik Latiorro izan da aurkintza horren izendapen bakarra, lehenengoa 1498koa1.

Bestalde, Laudio udalak, behin karlisten gerlak eta foruak galduta, estatistika lan bat agindu zuen2 1876. urtean, nork zer zuen jakiteko, udalbatza liberal eta modernoa bazen ere, herritarrak gehien bat karlistak zirelako oraindik. Bestela esanda, modernitatea eta kontrola aldi berean. Zerrenda horietan bost bider agertuko zaigu Latiorro eta, espero zitekeen moduan, ez Lateorro.

Bestetik, Laudio udalak baserri-lur guztien errolda egitea agindu zuen 1894. urtean, udalerriko finka guztien izenak, euren erabilera eta mugak eta jabeen izen-abizenak jasoz. Toponimia aztertzeko paregabekoa den agiri horretan, hamazortzi finka-izenetan aipatzen da Latiorro izena eta lau bider Latiorrondo. Lateorro, behin ere ez.

Tarteko iturri dokumental ugari alde batera utzita, esan beharra dago Latiorro izen bakarraz ezagutu izan dela ingurune hori, duela gutxira arte. Adibidez, 1965. urtean gure herriari buruz egindako lehenengo deskribapen geografiko sakonean, Maria Josefa Ochoa3 egileak Latiorro izena baino ez du aipatzen: "Estos términos son los que se citan a continuación: Luja, Landa, Astobiza, Mendicoa, Larrazabal, Lecanda, Latiorro, Goiri, Echevarri..."4

Baina, haraneko industria handien gorakadarekin, populazioa oso handitu zen herrira lan bila heldutako etorkinekin. Horren ondorioz, urte gutxiren buruan larre batzuk ziren Latiorro izeneko ingurunea, etxebizitza berri ugariz bete zen.

Etxebizitza haiek eraikitzen hasi zirenean, proiektuetan, Latiorro izena besterik ez da agertzen udaletxean dagoen dokumentazio zaharrean5.

Horiez gain eta era berean, izena espero zitekeen modu horretan agertuko da urbanizazio berria inguratzeko errepidea egin zenean6.

Eta auzo horretako ikastetxeak egiteko obra proiektuetan ere, Latiorro izena agertuko zaigu7:

LATEORRO IZENA ETA "GEHIEGIZKO" EUSKALTZALETASUNA

Urte horietantxe eta, seguru asko, bertaratutako jende berri ugariak ez zekielako toponimoa behar bezala esaten, agertuko zaigu dokumentatzen dugun lehenengo Lateorro aldaki okerra8.

Hortik aurrera, Lateorro izenaren presentzia gero eta nabariagoa da, nahiz eta Latiorro jatorra ere mantentzen zen.

Horren ondorioz, Francisco Franco diktadorea hil eta geroko estreinako udalbatza demokratikoan, Pablo Gorostiagaren agindupean9, 1981-03-16 eguneko osoko bilkuran, kale guztien izenak berraztertu ziren lehenagoko erregimenaren izenak ezabatzeko eta berri batzuk onartzeko eta, bidenabar, euskarara hobeki egokitzeko. Azken asmo on horrekin, baina okerturik, horra arte ofiziala zen Latiorro izena Lateorro bihurtzea erabaki zen, esan bezala, uste izan zelako "euskarazkoagoa" zela10.

Ez zen, toponimiari begira, egindako oker bakarra izan. Horregatik, 2008-09-29an, Done Mikel egun esanguratsu eta sinboliko batean11, Jon Karla Menoio

alkateak zuzendutako udalbatzak kale-izenak egokitu zituen berriz12, Euskaltzaindiaren aldez aurretiko oniritziarekin.

Bestela esanda, azken erabaki horren bitartez jatorrizko eta herritar askok oraindik gorderik zuen izena berpiztu zen, konpontzeko 27 urtez (1981-2008) indarrean egon zen izendapenaren okerra.

Geroztik, bazterturik geratzen ari da Lateorro izena eta bere espazioa berreskuratzen Latiorro (bide seinaletan, mapa eta planoetan, hedabideetan, komertzioetan...)

IKASTETXEA

Ikastetxeak bi izan ziren hasieran: bata Ortega y Gasset izenekoa, laudioarrei zerbitzua ematekoa eta, bestea, Menendez Pidal, eskualdeko (Okondo, Aiara, Arrankudiaga...) gainerako umeak hartzeko. Bata bestearen ondoan zeuden eta 1973ko maiatzean inauguratu ziren. Garaiko dokumentazioan ikus daitekeenez, Latiorro zen hango parajea.

Baina, ume kopuruak behera egin zuelako, 1994ko irailean ikastetxe biak bat izatera pasatu ziren eta izena egokitu zuten, auzoarena hartuta: Ortega y Gasset eta Menendez Pidal desagertu Lateorro, berria erabiltzen hasteko, arestian esan bezala, horixe baitzen garai haietan auzoaren izendapen ofiziala.

ONDORIOAK

 

  • Latiorro da auzo horren izen zuzena, bertako herritarrek ahozko erabileran gorde dutena eta dokumentazio historikoan nagusi dena.

 

  • Lateorro forma, Latiorro izenaren aldaki moderno bat da eta, inolako oinarririk gabekoa eta, horregatik ezin da hizkuntza-eboluziotzat hartu. Aitzitik, forma okerra, akasduna, arbuiatzekoa dela esan daiteke.

 

  • Ikastetxearen izena ez da zuzena toponimoari begiratzen badiogu, baina ez da zentroaren akatsa izan, onartu zenean forma oker hori ofiziala zelako, indarrean zegoelako. Horregatik, oraingo forma ofizialera berriz egokitzea izango litzateke zuzenena

    • Izatez, ez da izendapenaren aldaketa, izendapenean dagoen akats linguistiko bat zuzentzea baizik.

     

1 Lehenengo aipua 1498. urtekoa da eta epaiketa baten ondorioz Valladolideko Kantzelaritzan dago laburpen hau duen agiria: "1498-12-10. Ejecutoria del pleito sobre pedir devolución de una casa sita en Latiorro de Larra, con su bodega, cubas, huerta y otros muchos bienes pertenecientes a la herencia del padre del demandante, que tiene ocupados el demandado. Fernando de Obezar, contra Pedro de Eguia, vecinos ambos del Valle de Llodio". Archivo de la Real Audiencia y Chancillería de Valladolid. Registro de Reales Ejecutorias. L. 130/37 (S. M.).

Izen bereko abizena ere bada eta, harekin batera, Latierro antzeko forma duen deitura, azken hau XVI. mendetik aurrera ongi eta ugariki dokumentatua baina beti gure udalerritik kanpo. Laudion, aldiz, Latiorro da dugun abizen dokumentatu bakarra: Bartolome Diaz de Sarralde Latiorro eta Maria Orbe Lecanda laudioarren arteko ezkontza 1739-08-10 egunean, Lamuzako Jaun Done Petri elizan. Latiorro abizena gure udalerritik kanpo ere dokumentatzen da mende bat lehenago.

Nolanahi ere, esan bezala eta abizenak alde batera utzita, lekuari erreferentzia egiten dioten lekukoak Latiorro formakoak dira.

2 Estadistica de la riqueza de propiedad industria y comercio izena eman zioten eta 1876-09-17 egunean dago dataturik.

3 Gerora, 1974-1977 agintaldian, Laudioko Alkatea izan zen, frankismoari oso atxikia.

4 Estudio Geográfico del Valle de Llodio. Arabako Foru Aldundia. Gasteiz, 1965. I. tomoan, 65. orrialdean.

5 1970-02-03 eguneko udalbatzaren aktan: "Se dio lectura del escrito de Don Roberto Diaz Mata [...] solicitando licencia para la construcción de un grupo de veinte viviendas [...] en terreno de su propiedad sito en el barrio de Latiorro, conforme...". Bestetik, beste berrogei etxebizitza egiteko baimena eman zitzaion lur jabe berberari egun horretan bertan: "...40 viviendas subvencionadas [...] en terreno de su propiedad sito en Latiorro".

6 1971-02-03 eguneko udalbatzaren aktan: ""Nemesio Salazar Paredes-Apertura de un taller de carpintería mecánica. Camino a Lateorro, 22-bajo".

7 Laudioko alkatea izan da zenbaitetan, lehenengoa 1979-1983, Gure Aukera plataforma politikoarekin.

8 Erabaki horren bitartez, baserri batzuen izena zena, auzo berri osoa izendatzeko pasatu zen. 1971 urteaz geroztik eta erabaki hori hartu zen arte, etxez beteriko auzo berriaren izena Grupo Francisco Franco izan zen. Halarik ere, garaiko dokumentazioan jatorrizko izenaren erreferentziak agertuko zaizkigu oraindik: "...comercio de panadería en lonja de su propiedad en el Grupo Francisco Franco de Latiorro..." (1971-09-24ko udal erabakia).

9 Historian zehar, Laudioko alkateak hautatzen ziren egun horretan.

10 1970-02-20 eguneko udalbatzaren aktan: "Encomendar al ingeniero Dn Alvaro Vidal Abarca la realización del proyecto de carretera de urbanización en Latiorro, barrio de este Valle".

11 1971-07-28 eguneko udalbatzaren aktan: "Se acordó [...] por la compra de 31.180 metros cuadrados de terreno a los hermanos Acha Gorostiaga sito en Larraño de Larra, zona de Latiorro para la construcción de la escuela comarcal..."

12 2008-10-24 eguneko ALHAOn (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala) argitaratuta. Aldaketetarako irizpide eta arrazoiak Felix Mugurutza udaleko euskara teknikariak jaso zituen txosten batean, Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kidea ere bazelako. Erabakiak oinarritzeko irizpideak sei izan ziren eta horietako bat "Izenen era historikoak lehenetsi dira" zioena. Hortaz, haren aplikazioaz, ez zen lehenetsi erabat normalizaturik zegoen Lateorro izendapena, Latiorro historikoa baizik. Hau da, nolabaiteko atzeranzko aldaketa eman zen. Nolanahi ere, batzuk izan ziren hartutako erabakiagatik udala zoriondu zituzten bertako auzokideak, baserritarrak gehien bat, euren "betiko" izena, azkenik, berreskuratu zelako.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide