Oraingo honetan, XV. mendearen amaieratik XIX. mende erdialdera arte eraikitako nekazari edota abeltzainen etxe tradizionalei buruz mintzatuko gara. Eta aurreratu behar dugu, gaurko hizkuntza arauei begira, "etxe" zein "baserri" zuzenak direla eraikin horiek izendatzeko.
Hala ere, bada aipatu beharreko ezberdintasun nabaria: "baserria" ez dela inoiz 'eraikina, etxea', izan.
Etxe tradizional horiek izendatzeko "baserri" hitza erabiltzea oso modernoa da gure artean eta, beste batzuetan bezala, Euskal Herriaren erdialdetik iritsi zaigu moda hori, han "baserri" hitzaren jatorrizko esanahia lehenagotik nahasi zelako. Ez, ordea, mendebaldean, gu bizi garen tokian.
"Baserri" hitzaz izendatu izan da eta izendatzen da "kalea" edo hiriaren kontrakoa dena. Gaztelaniaz 'zona rural, campiña, aldea' edo frantsesez 'campagne' izendatzen duguna, hain zuzen ere. Esate baterako, Bizkaiko Uribe Kostako herrietan oso ohikoa da, oraindik ere, "baserri" ('mendialdea') eta "mariñerri" ('itsasaldea') bereizketa egitea.
Horrela soilik uler daiteke nola agertuko zaigun, gure hizkuntzaren lekuko den toponimian, "baserri" hitza 'mendialdea' esanahiarekin, baina sekula ere ez 'etxea' adierazteko. Behin ere ez dugu horrelakorik aurkituko. Etxea izendatzeko "etxea" bera erabili izan da (Beaskoetxea, Etxabarri, Goikoetxe...) edota "baserri-etxea" herriguneetako etxeetatik bereziki behar izan direnean.
Baina azaroa larriagoa da oraindik. Etxeari, okerki, "baserri" izendapena ematean eta soil-soilik esanahi horrekin identifikatzean, gabezia handia eragin genion euskarari: geroztik, ez dakigu zerekin bete "baserri" hitza erauztean utzitako zuloa. Horregatik, "rural" edo antzekoa esateko, "landa-garapena", "landa-turismoa", "landa-eremua"... bezalako izendapen artifizioso eta artifizialak (nahiz eta hizkuntza arauen aldetik zuzen-zuzenak diren) erabiltzera behartuta gaude egunero. Horien ordez, egokiagoak eta, zalantza barik, argigarriagoak, "baserri-garapena", "baserri-turismoa", "baserri-eremua"... bezalakoak ditugu.
LABURBILDUZ: "baserria" hitza Euskal Herriko eraikin tradizionalak izendatzeko erabiltzea zuzena da. Hala ere, modernoa da eta ez du batere tradiziorik izan gure artean. Horretarako "etxe" eta, herrigune edo "kaleko" etxeetatik bereizi behar izan denean, "baserri-etxe" erabili izan da. "Baserri" hitzaren jatorrizko esanahia, oraindik bizirik dagoena, "zona rural, campiña, aldea" da. Erdal "rural" hitza euskaraz eman behar dugunean, jatorragoa, zuzenagoa eta tradizionalagoa da "baserri" hitza erabiltzea, nahiz eta onartu behar den azken hamarkadetan "landa" hitzaren erabilera nagusitu dela eta azken hau ere ez dagoela gaizki hizkuntza-arauen aldetik.
-Felix Mugurutza Montalban-
(Ohar hau laudio udaleko euskara arloaren euskarastelehen izeneko egitasmoaren barruan dago. Euskararen kalitatea hobetzeko asmoz egina dago eta, batez ere udal langileei eta herritarrei zuzenduta dago).