Ezaguna da euskarak -era amaiera baliatu ohi duela hizkuntzak izendatzeko hainbat kasutan: euskera, erdera, italiera, errusiera... Bat dator, gainera, "era" ('modua') substantiboarekin.
Horren imitazioz, sarritan, hizkuntza guztiei aplikatu diogu amaiera hori: gaztelera, ingelera, frantsesera, latinera... Baina ez dira erabiltzeko egokiak. Forma oker horietako batzuk, gainera, irakaskuntza sistemaren bitartez hedatu izan ziren eta oso arruntak dira, tamalez.
Hona hemen, forma egokiak erabili nahi baldin badituzu, aintzat hartzeko oinarrizko erreferentziak:
ingelera(txarto) > ingelesa (ondo)
alemanera edo alemaniera (txarto) > alemana(ondo)
frantsesera(txarto) > frantsesa (ondo)
latinera(txarto) > latina (ondo)
gaztelera(txarto) > gaztelania (ondo)
Azken kasu honetan ("gaztelera") ez dago guztiz txarto nolabaiteko tradizioa duelako eta oso hedaturik dagoelako erabileran. Hala ere, hizkuntza-araua den Hiztegi Batuan "gaztelera" ordez "gaztelania" erabiltzea aholkatzen da.
-Felix Mugurutza Montalban-
(Ohar hau laudio udaleko euskara arloaren euskarastelehen izeneko egitasmoaren barruan dago. Euskararen kalitatea hobetzeko asmoz egina dago eta, batez ere udal langileei eta herritarrei zuzenduta dago).