Ezer baino lehen aurreratu behar dugu bai ARATUSTE(AK) bai INAUTERI(AK) hitz erabat zuzen eta egokiak direla –beste aldaki batzuekin batera– Garizuma hasi aurretiko jai-tartea izendatzeko. Izatez, hiru eguneko –igandetik asteartera– jaiak ziren Aratusteak edo Inauteriak. Hala ere, gaur egun, tradizioa aldaturik, larunbata izaten da egun esanguratsuena, lan-mundu modernoak hala behartuta. Baina azter ditzagun izenak.
Gaztelaniaz "cerdo", "cochino", "tocino"... erabil daitezke "txerri" (gurean, "txarri" aldakia) esateko. Eta guztiak dira ezagunak hiztun gehienentzat. Hala ere, edozein erabili ahal izateko askatasun horren barruan, bada kontuan izateko lurraldetasun faktorea, bataren edo bestearen aldeko hautua egiten dugunean. Esate baterako, oro har, "Chon" Kantabrian baino ez genuke erabiliko; eta "cochino" Andaluzian, "cocho" Galizian, "guarro" Extremaduran, "cuto" Nafarroan edo "tocino" Aragoin... Eta gurean, Aiaraldean, "cerdo". Horrela gauzak, nekez antolatuko genuke "Conferencia sobre la matanza del guarro" moduko bat bizi garen lekuan: "...del cerdo" erabiliko genuke batere dudarik izan gabe.
Halarik ere, gaztelaniarako eztabaidaezin suertatzen zaigun logika hori ez dugu euskaraz ari garenean aplikatzen. INAUTERI(AK) Nafarroa Garaian eta Beherean eta Gipuzkoako herri askotan erabilitako hitza da. Mendebaldean (Bizkaian, Araban, Gipuzkoako zati batean...), aitzitik, ARATUSTE(AK) erabili izan da. Beraz, bizi garen tokian, azken hau erabiltzea legokiguke, arestian esan bezala. Gainerako euskalkietan egin bezalaxe, nori berea... Baina, ez dakigu zergatik, ez dugu horrela egiten.
Egia da, ARATUSTE(AK) hitzarekin alderatuta, INAUTERI(AK) dela hitz orokortuena, estandarizatuena eta egokiena maila "abstraktuan" edo irekian ari garenean. Esate baterako, euskarazko ikerketa orokor batean nekez erabiliko genuke "Aratusteak Euskal Herrian". Baina, esparru hurbilenean, tokikoan, "gureagoa" denari eutsi beharko genioke, legez eta bidez.
Azken urteotan, alabaina, hainbat ahalegin egin da ARATUSTE(AK) berpizteko edo, hobeki esanda, ekialdetik datorkigun "Inauteriak" hitzaren azpian betiko ito ez dadin saiatzeko. Baina, beste behin, gure euskara-gutxiagotasun konplexuak eta gure herri-ohiturak desnaturalizatzeko joerak (gureei bizkarra emanda, "zahar itxurako" berriak ezarriz) ahalbidetu dute gure hitzaren baztertze egoera.
Edonola izanda ere, INAUTERI(AK) izendapen orokorrarenaren alde egitea erabakitzen badugu, kontuan izan behar da "ñ" soinua ahoskatu litekeela baina ez idatzi: oraindik askotan ikusten dugun "Iñauteri(ak)" hori gaizki dago.
Eman diezaiogun aukera bat, bada, ARATUSTE(AK) gure hitzari. Eta ez ahaztu bihar, aratuste-martitzeneko gauean, gaizki egindakoak erretzeko eta ziklo berri bati hasiera emateko unea dela: aukera paregabea aldaketak barneratzeko... Hala bedi...
-Felix Mugurutza Montalban-
(Ohar hau laudio udaleko euskara arloaren euskarastelehen izeneko egitasmoaren barruan dago. Euskararen kalitatea hobetzeko asmoz egina dago eta, batez ere udal langileei eta herritarrei zuzenduta dago).