Europako hainbat tokitan inauteriei lotutako pertsonaia berezi batzuk ditugu. Dunba (tamaina handiko zintzarriak) handi batzuk daramatzate bizkarrean eta, sortutako burrunbaz, negua purifikatzen dute, herri-tradizioen arabera.
Euskal Herrian, oso ezagunak ditugu Nafarroako Zubieta eta Ituren herrikoak. Bertan, ezinbestez, JOALDUNAK dira. Eta bere izenak berehala argituko digu zer diren: "joare (dunba, arran, zintzarri) + duen + a", hau da, 'dunba(k) d(it)uena'.
Hala ere, azken hamarkadan, bere jatorrizko tokitik atera eta Euskal Herri osora hedatu da joaldunen ohitura hori. Eta desnaturalizatze horiekin gertatu ohi bezala, gauzak erdizka ekarri ditugu. Horietan deigarriena, dunbak daramatzaten pertsonaiak izendatzeko hedatu den ZANPANTZAR okerreko izena.
Kalejira burrunbatsu horiek aratusteei (inauteriei) lotuak daude, esan bezala. Eta Inauterietako egun handietan handiena, inauteri-asteartea izan da, azkena izanagatik, gehiegikeria gehieneko eguna zelako. Egun handi horri "Zanpantzar" esaten zaio Iparraldeko toki askotan eta Nafarroako hainbat herritan. Izatez, "San Pantzar(t)", "Saint Pansart" da, inauterietako "patroia". Bere esanahi barregarria erdal 'Sancho Panza"-ren antzekoa da eta, zehatzago, 'San Tripontzi' edo 'San Sabel-handi'.
Herri esaerek ere ederki jaso janari-gehiegikeriaren esanahia:
“Pantzart, leher edo zapart”.
“Gaur dela Mariakale [aratuste-astelehena], bihar dela Zanpantzart [aratuste-asteartea], egin dezagun arte, tripan larruak zart”.
Herri horietan, aratusteen azken egunean (inauterietako asteartean) erre edo itotzen den panpinatxo bat da, nolabait, egindako gauza txarrak irudikatuz, mundua purifikatzeko. Guk, sanjoanetako suteetako panpinarekin edo aratuste-jaiak amaitzeko Sardinaren hiletarekin egiten dugun bezalatsu...
San Pantzar(t), beraz, inauteetako pertsonaia bat da. Horregatik, Iparraldeko, Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat tokitan, zanpantzar(t) esaten zaie baita Garizumaren aurreko jai hauei ere. Gabonei "Olentzero" deitu izan zaien bezalaxe.
Edonola, "zanpantzar" eta "joaldun" hitzek ez dute elkarren arteko zerikusirik ez baldin bada joaldunak irteten direla Aratusteetan, Zanpantzar pertsonaiaren jaietan.
Hizkuntza araua den Hiztegi batuak ere oso mugatua du bere esanahia: "zanpantzar: 'inauterietako lastozko irudia' " baino ez dakar.
Amaitzeko, gurean ez dugu dunba ('arran edo zintzarri handi, sabel formarekin") ikusgarri horiekin doazen pertsonaiak izendatzeko hitz ezagunik, kanpotik ekarritako ohitura izan delako. Izatekotan, eta "joaldun(ak)" (joare + duena) hitzaren antzagatik, "arrandun(ak)" (arran + duena) edo izan beharko litzateke. Zuzena bai, baina ez dugu horrelakorik ezagutzen.
Nola edo hala, "joaldun", "arrandun", "dunbadun"... hitzak ditugu eskura; baina ez erabil, inolaz ere, "zanpantzar".