IRITZIA

Euskaraz bizi nahi dugu eta biziko gara!

Erabiltzailearen aurpegia Laudio BHI 2025eko abenduaren 3a

Institutuko bi ikaslek irakurri dute Urtzi Ibarluzearen testua Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldian. / Aiaraldea.eus

Urtzi Ibarluzea Laudio BHIko ikasleak institutuko hezkuntza komunitate osoaren izenean testua idatzi du, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan.

Euskara hitza entzuten dugu sarri, baina ez hainbeste euskara bera. Zertarako nahi dugu guk euskara, española edukita? Askotan abestiak, esaerak, ipuinak, edota parrafada batzuk botatzen ditugu euskaraz euskaldunak garela erakusteko. Baina, hori al da euskalduna izatea?

Urtez urte, munduko hizkuntzarik zaharrenetariko baten galera ikusten goaz. Laudioko egoeraren ikerketa bat da honen erakusgarri. Natxo Urkixoren esanetan, “dagikunaren arabera, XIX. mendearen azken laurdenean Laudio erabat euskalduna zen eta eguneroko bizitza euskaraz egiten zen. Ehun urte beranduago, 1970ean, Pedro Yrizarrek Laudion 200 bat euskaldun geratzen zela eman zuen argitara”.

Ikerketa honek hausnartzera bideratu behar gaitu. Izan ere, egoera soziolinguistikoak beheranzko joera izan badezake, zergatik ez goranzkoa? Herriak erabakitzen du euskararen egoera eta etorkizuna; euskara ez da ezer euskaldunik gabe eta euskaldunak ez gara inor euskara gabe.

Egon badaude eta egongo dira euskararen balioa zalantzan jartzen dutenak, ingelesa edo española garrantzitsuagoak direlakoan. Baina honen aurrean, euskara hizkuntza huts bat baino askoz gehiago dela esan beharra daukagu, nahiz eta askotan deskribaezina dirudien. Euskara historia idatzi duen protagonista nagusia da gure lurraldeetan. Gure herriaren bihotza, batzuentzat altxor bat. 

Beraz, benetan euskaldunak baldin bagara, euskara babestea da gure hautua; euskaraz bizitzeko erabakia, besteak euskaraz bizitzera bultzatzeko erabakia. Azken finean, Castillo Suarezek dion moduan, lore zauritua da gure hizkuntza: ederra eta, aldi berean, zaurgarria. Gure hitzek babesa behar dute. Babesik jaso gabe, ez baitago irauterik. Babesik eman gabe, ez baitago bizitzerik.

EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU ETA BIZIKO GARA!                     

Urtzi Ibarluzea (Laudio BHI)

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide