Lehen Hezkuntzako 3. mailan seme-alabak matrikulatuta dituzten Laudio Ikastolako familiek planto egin diote LOMCE legeak 3. mailarako agintzen duen probari. 45 ikasleren gurasoek beraien seme-alabek 3. mailako ebaluazio diagnostiko proba egiteko baimenik ez dutela ematen adierazten duen idazkia izenpetu dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila bideratzen ari den probaren inguruan dagoen informazio urriagatik kezkatuta, eta edozein momentutan edozein ikastetxe pilotu moduan izendatuta ager daitekeela hausnartuta, beraien seme-alabek proba egitearen aurka agertzeko hautua hartu dute, “froga honek ez du inolako justifikazio pedagogikorik eta LOMCEren aplikazio hutsa da” argudiatuz izenpetutako idazkian.
LOMCEri planto egitea 3. mailako ikasleen familien kezka baino, hezkuntza komunitate osoarena ere badela adierazi nahian, 3. mailako probari plantoa adierazteko idazkia sareratu dute gainerako familiek ere ekimenarekin bat egin dezaten.