Laudio Ikastolak gurasoei zuzendutako prestakuntza saio irekia antolatu du ekainaren 15ean, asteazkena, 17:30ean, Laudioko Kultura Etxeko Arraño gelan. “Ziber-harremanak: helduentzako erronka ala gazteentzako aukera?” izenburua izango duen hitzaldian Iratxe Esnaola informatikari eta unibertsitateko irakasleak, teknologia digitalek gazteen arteko harremanetan duten zirrara eta arriskuetara helduen ikusmiratik hurbiltzeko gakoak eskainiko ditu, eremu horretan gazteek beraiek dituzten bizipenak helduok ditugunekin alderatuz.
Teknologia berriek gero eta garrantzia gehiago dute ikasleen egunerokoan eta ezinbesteko lan tresna bilakatu dira ikasgelako jardunean. Beraien erabilpena baina ez da soilik eremu akademikora mugatzen eta gazteek gero eta gehiago erabiltzen dituzte beraien arteko harremanetan.
Uda garaia harreman sarea ugaltzeko garaia izanik, momentu aproposa da hausnarketa partekatzeko. Galderak anitzak dira: smartphone-arekiko menpekotasuna soilik gazteen kontua al da? gaitasun sozialen garapenerako tresna bihurtu al da smartphonea? Zer da Whatsapp gazteentzat? eta helduontzat? nola eta zertarako erabiltzen duten/dugun, nola baztertzen eta mintzen dituzten kideak teknologia hauen bitartez, nola enpatia den harreman ororen giltza eta teknologiekin enpatizazio prozesua nola zailtzen den, eta abar.