ARGANTZON IKASTOLA LAGUNTZEKO EKIMENA

Argantzon Ikastola laguntzeko CD/DVDa kaleratu berri da, Trebiñun bizi duten egoera larriaren erakusle ere izan nahi duena.

Argantzon Ikastolak, Trebiñun euskaraz ikasteko eskaintza bakarrak, etengabeko ahalegina egin behar du eguneroko lana finantzatzeko. Izan ere, Ikastolen Elkartearen ezinbesteko babesaz gain, familia, irakasle eta gizabanakoei esker dirau bizirik, eta  urtean zehar zenbait ekimen antolatu behar izaten dira xede horretarako. Ahalegin horren ildoan sortu da, hain zuzen, CD/DVD hau.

Eskaerak Laudio Ikastolan
Laudio Ikastolan Argantzon Ikastola laguntzeko ekimenarekin bat egin dugu. CD/DVDa berton eskura dezakezu 15 euroko ekarpenaren truke. Eskaerak  idazkaritzan bilduko ditugu abenduaren  12ra arte baita 94 672 67 37 telefonora deituta zein laudio@ikastola.net helbidera ere eskaera bidalita.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots Garratz eta Mingotsekin
Bonberenea Ekintzak-en eskutik, Euskal Herriko hainbat txokotako artistak bildu dira, eta, eskuzabaltasun osoz, ahotsa, musika eta irudia jarri dizkiete ikastolari zein trebiñuarrei. Hemen duzu emaitza: alde batetik, 8 abestiz osaturiko CDa; eta, bestetik, erreportaje bat, bideoklip bat… dakartzan DVDa. Rockeroak eta pailazoak, sentitu, pentsatu eta ekin! denak elkarrekin!

CDko kantak Joseba Ponce“Mingots” (Dut, Kuraia) eta Karlos Osinaga “Garratz” (Lisabö) musikariek konposatu eta jo dituzte. Euskal rock musikaren bi erreferente hauekin batera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek hartu dute parte, abestiei ahotsa jarriz. Elkarlan bitxi bezain interesgarri honetan, Imanol Ubeda “Narrats”-ek ere (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean) egin du abesti bat. Musikariok sortutako kantuez gain, Imanol Urbietaren “Alavatik Arabara”-ren bertsioa ere aurkituko dugu. Bestalde, hainbat lagunek kolaboratu dute diskoan: Mikel Abrego (bateria), Mikel Zelaia “Mirri” (haizeak), Joseba Irazoki, Juantxo Arakama “Sofanbeltz”, Natalia Garmendia…Abestien hitzak ikastolako irakasle eta gurasoek zein bertsolari eta idazle zenbaitek egin dituzte. Karlos Osinagak berak grabatu eta nahastu du guztia, Tolosako Bonberenean. Sortu dena harribitxi bat da, haur nahiz heldu dantzan jarriko dituena, apurtzailea, freskoa. 8 hit biltzen dituen lan gazia, eta goxoa.
DVDan, berriz, Isa Fernandez de Agirrek (Katxiporreta) egindako erreportajea dago ikusgai: "Aupa Argantzon Ikastola!!". Oraingo honetan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek abentura dibertigarria biziko dute Trebiñuko lurralde eta historian barna. Mapan agertzen den hori laku bat delakoan, bainujantzi eta guzti abiatuko dira Panpoxa furgonetan; baina, bertan, sorpresa ederra hartuko dute! Trebiñuarrak ezagutuko dituzte, eta, halaber, Argantzon Ikastola. Erreportajeaz aparte, beste 3 bideo ere biltzen ditu DVDak: “Irria” kantaren bideoklipa, making off-a eta kredituak laguntzeko hanka-sartzeen bildumatxoa.

Diseinua Joseba Poncek egin du, koloretsua eta ganberroa, barruan dakartzan abesti eta istorioen parekoa. Bere osotasunean, zinez lan txiribila!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide