Laudio Ikastolako dantza taldeak udaberriko emanaldia eskainiko du igandean, apirilak 6an, 13:00etan, Laudioko Herriko Plazan. Ugaoko etorki taldeko partaide batek txistuarekin eta ikastolako ama batek soinuarekin lagunduko dituzte dantzariak. Eguraldiak lagunduko ez balu, emanaldia Aldai plazara eramango dute.
43 neska-mutil elkartzen dira astelehenero Ikastolan euskal dantzak ikasi eta hainbat emanaldietan eskaintzeko. Igandean eskainiko duten programarako, Agintariena, Baztango esku dantza eta isats-dantza, eta Arabako jokorako katea eta txulalai prestatu dituzte.
Taldeko dantzari gehienak haur hezkuntzako 4 eta 5 urteko mailakoak izanik, beraien adinera erraz egokitzen diren piezak izango dira. Isets edo itsas-dantza esaterako, Baztango irri dantza da. Antzina karobiak garbitu ostean etxerik etxe dantzatzen zuten: mutil batek itses (erratz) bat bizkar gainean harturik bere gerritik hartuta mutil lerroa darama. Denek bere aurrekoari lotuta doaz eta lehenengoari , erratza bizkarrean duenari, jarraitu behar diote, berak egiten dituen mugimenduak kopiatuz. Baina norbaitek mugimenduren bat gaizki egiten badu lehenengoak erratzarekin jo egingo dio…