“Konfiantzaren pedagogia, Hezkuntzaren erronka berria” hitzaldia eskainiko du Rafael Cristóbal Hezkuntzan adituak urtarrilaren 16an, astelehena, Kultura Etxeko Arraño gelan, arratsaldeko 18:00etan Laudio Ikastolaren eskutik. Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da.
Konfiantzaren pedagogiak neska-mutil bakoitzari berez, senez, era autonomoan garatzeko gaitasuna aitortzen dio. Testuinguru horretan hezitzaileen eginkizuna, irakasle, guraso zein haurraren inguruko gainerako helduena, umearen erritmo biologikoarekin eta emozionalarekin batera jardutea da. Laudio Ikastolako irakasleria proposamen pedagogiko honen prestakuntzan murgilduta dago egun.
Rafael Cristóbal, Konfiantzaren pedagogiaren bultzatzailea, medikuntzan, psikiatrian eta neurologian doktorea da eta Haurraren Psikologia Ebolutiboa ikasgaiaren irakaslea izan da Mondragon Unibertsitateko HUHEZIn. Bere jarduna Genevan abiatu zuen medikuntza alorrean eta gerora Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Enpresa fakultateak haur eskolaren ikerketarako sortutako “Hazitegi” proiektuaren sortzailea da.