Laudio Ikastolako ikasle talde bat Eusko Jaurlaritzak Bigarren Hezkuntzako gazteen artean literatura sormena sustatzeko antolatzen duen Urruzuno Literatur Lehiaketara aurkeztu da aurten. Beraien artetik, Haizea Urkixo Gorostiagak DBHko 3. eta 4. mailako ikasleen kategoriako poesia atalean banatzen diren bost sarietako bat eskuratu berri du.
Iparraldeko haizeak ileak nahastu eta kezkak uxatu izan dizkio beti. Aitzakia horrekin sortu zuen Haizeak ere, neguko liburu zaharren artean, "Hegaka" olerkia.
Beldurrei aurre egiteko hainbestetan isildutakoak oihukatzeko aukera bila aurkeztu zen Urruzuno Literatur Lehiaketara, baita irabazle egokitu ere.
Irabazleek bost eguneko prestaketa-egonaldian parte hartzeko aukera izango dute. Berton literatura tailerrak eta idazketarekin nahiz literatura-sormenarekin zerikusia duten bestelako hainbat jarduera burutuko dituzte, une oro euskal idazle zenbaiten laguntzaz.
Zorionak, Haize!
Saritutako olerkia:
Bat-batekoa
izan zen,
ilargiaren distirak
sorgindu ninduen,
itsutu,
maite-poztu.
Nire ilargi bete
bilakatu zinen,
sorgin errebelde,
basati, eder.
Bat-batekoa
izan zen,
izarren hautsen
modura
jauzi nintzen
eta ekaitzaren ordez,
maite-mina etorri zen,
barearen ostean
enbata datorrela
dioten arren.
Suak erre ninduen,
maitasunarenak,
ezjakintasunarenak,
baina
pixkanaka-pixkanaka
hauts kiskaldua
txori bilakatu zen,
indarrak hartu
eta hegan eginez;
eta pixkanaka-pixkanaka
ikasi zuen
maitatzen
eta pixkanaka-pixkanaka maitatzen ez jakiten
egun baten
txoriak kantatzen
ikasi zuen arte
Orduan
hasi zen
poesia
errezitatzen.
Jendeak ez zuen ulertzen,
zarataka zebilela zioten,
ez zekiten entzuten,
bihotza gor zeukaten.
Eta horrela
hasi zen
maite-mindu hitza
erabiltzen,
eta horrela amaitu nuen nik ere
olerki hau izkribitzen,
jendea maitatzen ikasten
eta sorginari hegan egiten uzten.