Alkateari elkarrizketa egin diote hizkuntza tailerreko ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Laudio Ikastola 2018ko urt. 24a, 11:38

Abenduaren 11n, goizeko 10:00etan Laudio Ikastolako hizkuntza tailerreko kideok Laudioko  Alkatearekin hitzordua izan genuen, DBHko 2. mailako ikaskide batzuk: Khadija, Asier, Ekain, Unax, Beñat, Ekaitz, Ander eta Alaitz eta tailerreko irakasleak, Emiliano; Fatimak arazo pertsonalengaitik ezin izan zuen joan.  Hamabi galdera prestatu genituen Natxo Urkixo alkateari egiteko.  Laudioko herriko aurrekontuaz, inbertsioez, gastuez, etorkizunerako proiektuez eta alkateak dituen ardurez galdetu genion.
Hona hemen Natxo Urkixok gure galderei erantzuteko esandakoa.

Batzuetan entzuten dugu udalbatza bildu dela, zer da udalbatza? eta zenbatero biltzen da?

Urtean hamabi udalbatza egiten dira, baina batzuetan ezohikoak ere egin behar izaten ditugu, 17 zinegotzik eta alkateak parte hartzen dugu. Herria, auzoetan… sortzen diren arazoez, proiektuez eta abarrez eztabaidatzen dugu bilera horietan.

Bestaldetik auzoz auzo ere bilerak egiten dituzue, zergatik?

Bai Auzo Batzarrak izaten dira horiek, udalbatzaren osagarriak. Herritarrekin harreman zuzenak izatea ezinbesteko da, auzokoen kezkak, iradokizunak, gure esku hartzearekiko adostasunak eta desadostasunak zuzenean jasotzen ditugu bertan.

Zeintzuk dira Auzo Batzar horietan gehienbat auzokoek azaltzen dituzten kezkak?

Auzo bakoitzak bere arazo eta proposamenak ditu. Guk ezin ditugu proposamen guztiak edo arazo guztiak konpondu; arazo larriei erantzun egokia ematen saiatzen gara, horretarako  auzokoen ideiak edo iradokizunak kontuan hartzen ditugu.
Adibidez, Latiorron  antzoki bat egingo dugu hurrengo urterako. Laudioko Lanbide Heziketako Eskolan dagoenak ez baitio erantzuten herri honek duen beharrari.

Baina eskakizun guztiak betetzea posible al da?

Ez. Horregatik lehentasunak ezarri behar dira eta premia gehien daukaten egoerei irtenbide bat eman. Laudioko Udalak 24 milioi euroko aurrekontua dauka, asko dirudien arren, ez da nahikoa eta Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza ezinbesteko dugu.

Eta zertan edo nola gastatzen ari da diru hori aurten?

Kopuru handi bat azpiegituretan inbertituko da (asfaltatze lanak, …), eraikinetan, proiektuak egiten, soldatak, etab…, hala nola langabetuentzako laguntza, ikastetxeetakoko mantenu lanetan...

Datorren urterako ere proiektuak pentsatuta izango dituzue, zeintzuk izango dira diru gehien eramango dutenak?

Lehen aipatu ditudanaz gain, erresidentzia zaharra eraberritu eta egokitu musika etxe bihurtzeko.

Gu herriko ikastetxe bateko ikasleak gara eta uste dugu heziketa oso garrantzitsua dela, zein da udalaren erantzukizuna ikastetxeetan?

Bai noski, heziketa gizartearen oinarrietako bat izaten da. Udalak hezkuntza kurrikulumean eskuhartze zuzenik ez badu ere, Ikastetxe publikoetan Eskola Kontseiluko kidea izaten da eta eraikina eta azpiegituraren mantenuaren ardura dauka.

Alkatearen lana ez da erreza izango, zer da zuretzat zailena eta errazena?

Auzokoen arteko auzietan bitartekaritza lana egitea ez da erraza izaten batzuetan, ezta, kalean familia edo lagunekin nagoela, herritar batzuk niregana hurbiltzea udalarekin edo herrian dauzkaten arazoez mintzatzeari ekitea ere. Bestaldetik, zuek bezalako gazteekin, udaletxera etorrita, herriaz hitz egitea atsegin dut.

Alkatea ez bazina, zer eskatuko zenioke alkateari?

Euskarekiko begirune osoz jokatzea, berari dagokion esparru guztietan bultzadarik handiena ematea.

Laudioko udaletxean langile asko egongo dira lanean seguru asko, zenbat sailetan banatuta daude?

Bai, sail desberdinetan banatuta daude: Alkatetza; Hirigintza; Obrak eta  Zerbitzuak; Kultura, kirola eta jaiak; Berdintasuna; Hezkuntza; Gazteria; Garapen agentzia; Funtzio publikoa; Euskara.

“Aho bizi, belarri prest” euskararen aldeko kanpaina egiten ari da Aiaran, zenbat euskara entzun eta egiten da udaletxeko langileen artean?

Ehuneko handi batean udaletxeko langileria euskalduna da. Alkatetzan euskara hutsean jardun dugu. Gobernu taldeak euskaraz burutzen ditu bere jardunak. Sail batzuetan langileak euskaldunak diren arren, txosten teknikoak erdaraz egiten dira, horretarako ezagupen maila nahikorik ez baitago.
Alkatea euskalduna da eta, nire iritziz, euskalduna izan beharko luke beti.

Laudioko herritar euskaldun bati, udaletxeko edozein sailetara doala, euskarazko arreta izango du?

Ahoz behintzat bai. Publikoari begira dauden langile denak euskaldunak dira. Hori hola izan da ere, lan hizkuntza batzuetan ez da euskara.

Hemendik ere eskertu nahi diogu Natxo Urkixori gurekiko agertu duen jarrera harkorra eta opa nahi diogun suerterik onena bere lanean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide