Zuen haurren eskolatzea 0 urtetik burutu duzue. Zergatik aukeratu duzue Laudio Ikastola ibilbide horri ekiteko? Nola bizi izan duzue esperientzia?
Esti: Biok ikastolan ikasi dugu eta bertan hazi gara. Lander, Laudio Ikastolako ikasle ohia da eta ni, Amurrioko Aresketa Ikastolakoa. Gure esperientzia ona izan zenez, gure semeekin bide horretan jarraitzea erabaki genuen eta Laudion bizi garenez, Laudio Ikastola izan zen gure lehenengo aukera. Laster, ate irekietan jasotako informazioarekin eta bertara egindako bisitarekin, erabakia argi izan genuen eta Laudio Ikastolan matrikula egitea aukera bakarra bihurtu zen.
Lander: Azpiegitura egokiak, kokapen ona, jantokia edo asistentziala bezalako zerbitzu lagungarriak eta erakargarriak izateaz gain, ikastolaren filosofia da gehien gustatzen zaiguna. Hain zuzen ere gure haurrentzat balore aurrerakoietan eta trebetasun sozialetan oinarritutako eredu propioaren aldeko lana egiten baitu. Bere proiektu pedagogikoan konfiantza osoa dugu ez delako bakarrik espediente akademikora mugatzen, izan ere, guretzat garrantzia handia duen giza baloreen hezkuntza ere barneratzen du, txikien heziketa integrala eta nortasunaren garapena helburu duelarik.
Esti: Era berean, asko baloratu genuen ikastolak euskarari ematen dion garrantzia. Izan ere, euskal tradizio eta kultura euskarri izanda, hizkuntza honetan eskaintzen du aniztasunarekin adeitsua izango den hezkuntza. Eta baita familia kooperatibismo eredua ere, non gurasoak ikastolako partaide izanda, autogestioa eta auzolana bultzatzen duen.
Ikastola Haur Hezkuntza etapan, eta 0, 1 eta 2 urteko haurrekin Laudio Txikin bereziki, garatzen ari den proiektu pedagogikoaren bilakaera gertutik bizi izan duzue. Zer azpimarratuko zenukete zuen familia esperientziaren ikuspuntutik?
Esti: Aldaketa sakona egon da, ohituta gauden hezkuntza metodologia klasikoarekin zer ikusi handirik ez duena. Gure iritziz, txikiari protagonismo handia ematen zaio eta berak bere garatze prozesuan behar dituen denborak eta erritmoak, errespetuz zaintzen eta erabat mimatzen dira. Egunero, umea ikastolara sartzerakoan, andereñoak harrera egiten dio seguru eta ahal den heinean pozik sentiarazteko eta xehetasun hau erabakigarria delakoan gaude, bertan igaroko dituen orduei aurre egiteko.
Halaber, umeari ez zaizkio finko edo marratuak dauden eta denboran mugatuak diren helburuak zehazten, baizik eta xede horiek lortze aldera, bakoitzaren bilakaera eta beharren arabera, behar duen denbora eman eta errespetatzen zaio. Badakigu iritsiko dela zutik jartzeko unea, pardela uzteko momentua, eta baita hitz egiteko eguna ere, beraz autonomia eta horretarako askatasuna eta baliabideak ematen zaizkio, bakoitza bere bidea egiten joan dadin eta bera bakarrik gauzak lortzen joan dadin.
Lander: Etxean ere egokitzapen hori barneratu dugu eta horrela jokatzeak gauzak erraztu dizkigu, presioak eta xede zorrotzak alde batera utziz. Ikasi dugu gizarte lehiakor honetan, non konparaketak eta ondokoarekin parekatzea eguneroko gauzak diren, ez dagoela gauza hoberik eta txarrik, ekintzak lortzeko aukera ezberdinak daude eta guretzat egokiena dena erabiltzen saiatu gara.
Bestalde, gure semeek ikastolan jorratzen duten mugimendu askea eta bertan sustatzen den jolas libreari esker, uste dugu euren irudimena aberasteaz gain, bakoitzaren abileziak ezagutarazten eta ustiatzen hasten direla. Sormenari bidea errazten diote eta horrela, pentsatzen eta bere ingurunean erabakiak hartzen hasten dira, dena hain zuzenduta eta zehaztuta egon beharrean.
Zertan lagundu zaituzte Laudio Txikiko komunitateko kide izateak?
Esti: Gure sare soziala handitu egin du. Batez ere nire kasuan, Laudiokoa ez nintzenez, oso lagungarria egin zait, kezka, ardura eta ilusio berdinak dituzten beste guraso asko ezagutzeko eta askotan baita harremanak estutzeko ere.
Zuen haurrek aurrean duten ibilbide akademiko eta bitalari erreparatuta, zertan uste duzue lagundu diela Laudio Txikiko esperientziak? Zeintzuk dira zuen aurrera begirako espektatibak?
Lander: Laudio Txikin lantzen den ikasketa esperimentalarekin uste dugu aipatu bezala, gure umeen trebetasunak sustatzen direla. Bakoitzaren erritmoa errespetatuz eta behar duten autonomiaz hornituz, euren kabuz esperimentatzeko eta gauza berriak ezagutzeko aukera ematen zaie tolerantzia, partaidetza eta lankidetza ingurune batean. Bakoitzak dituen baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzen ikasten du eta azkenean beraien buruarengan konfiantza lortzen ikasten dute. Gure ustez, hori da etapa honen helburua eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko zein konpetentziak lortzen laguntzeko oinarria.
Esti: Horrela, konfiantzaren pedagogia honekin, gure semeak pertsona zoriontsu, libre, erantzule, sortzaile, autonomo eta konpetenteak, izan daitezela espero dugu; gizarteratze prozesuan protagonista aktiboak izan daitezela bultzatuz.
Ez izan zalantza, Laudioko ikastolan izena eman eta gure familiaren parte bihur zaitez!