Ostegunean, apirilak 27, Laudioko Haur Danborrada ospatzeari ekingo diote berriro ere herriko ikastetxeek. Laudio Ikastolako, Lamuza eta Latiorroko eskolatako eta La Milagrosa ikastetxeko ikasleak Herriko plazan elkartuko dira 18:00etan ekitaldiari hasiera emateko. Azpeitiko Ikasberri Ikastola ere gonbidatu dute ekitaldira pandemia aurreko ohiturari eutsiz.
500 lagun inguru bilduko dira Herriko plazatik abiatuta Batzalarrin, Zumalakarregi, Baias, Nerbioi eta Ibaizabal kaleak eta Alberto Azero plaza zeharkatuko dituen kalejiran, amaieran San Prudentzio erretreta eskainiko dutelarik Herriko plazan. Amaierako jaia berriz, Alberto Azero plazan burutuko dute, Diskodantza eta Kirikiño taldeak antolatutako jokoak izango dira bertan.
90. hamarkada hasieran Laudio Ikastolak abiatutako ekimenak urtez urte Laudioko Hezkuntza komunitatean finkatu den jaia bilakatu da partaide guztien lankidetzaz eta Laudioko Udalaren babesarekin.