BATXILERGOA
Etorkizunari begira, ikasturte erabakigarriak dira Batxilergoko bi urteak.
Zer da zuretzat Laudio Ikastola?
MARKEL PIKATZA URRESOLA (Amurrio): Amurrioko Aresketa ikastolatik duela bi urte etorri nintzen, DBH egin ondoren, Batxilergoa egitera. Bi urte hauetan, talde polita bat osatu dugu, giro kooperatibo eta osasuntsu batekin. Laudio Ikastolak, sortzen dituen ekintzekin zein euskararen erabilerari ematen dion garrantziarekin oso pozik sentitzen naiz.
NAHIE UNTZAGA UGALDE (Laudio): Oroimena dudanetik nago ikastolan, nire kasuan, ikastolarekiko dudan harremana oso berezia da. Bizitza osoan harekiko elkartuta sentitu naiz, hasiera-hasieratik nire familia guztiak ikastolaren alde egin zuelako. Nire aitite ikastolan lanean aritu zen nire jaiotza-arte; ama, izeko, amama eta aitite betidanik bizi izan ziren ikastolan bertan, eta horregatik dut “etxe” sentsazio hori bertan nagoenean.
Batxilergoko ikasturte biak etorkizunari begira erabakigarriak dira. Zertan lagundu dizu Batxilergoak?
NUU: Ez dut gezurrik esango, Batxilergoa zaila da. Urte hauek batzuetan ez dizute erakutsiko zer duzun gustuko, baina gustatzen ez zaizuna ikusteko ere baliagarriak izan daitezke. Beraz, nik Batxilergoa bai ala ez zalantza edukiko banu, baietz esango nuke nahiz eta hasieran zaila izan. Ni oso eroso sentitzen naiz eta nire Nahie txikiak hemen gelditzeko eskatzen dit, baina badakit heldutasuna ez dela lineala, eta gorabehera askok osatuko dutela.
Ikastolak orientazio azoka, hitzaldi eta bisita ugari eskaintzen ditu. Horiek kasuan-kasu oso lagungarriak izan daitezke. Batxilergoaren ostean zer egin nahi dugun argitzen eta erakusten dute, datorren urteotan ahalik eta erosoen senti gaitezen.
MPU: Bi ikasturte hauek egiteak, nahiz eta momentu batzuetan oso gogorrak izan, ateak irekitzen dizkizu zuk nahi dituzun ikasketak gauzatu ahal izateko.
Zer esango zenioke Ikastolara etorri-ez etorri zalantza duen ikasle edo familia bati?
MPU: Nik, nire esperientzian, hasieran beldur pixka bat neukan Laudio Ikastolara etortzeko, ez nekielako zer aurkituko nuen, baina, beldur horiek joan egin ziren harrera oso ona jaso ondoren, bai irakasle, zein beste ikasleen partetik ere. Horrez gain, hezkuntza euskaldun eta talde izaera ona duen Ikastola batera joan nahi baduzue, Laudio Ikastola gomendatzen dizuet.
NUU: Niri ikastolak gauza asko eskaini dizkit. Aisia aipatzea gustatuko litzaidake, ikastolan eskolaz kanpoko ekintza ugari eskaintzen baitira, kirolak, artea eta kultura sustatuz. Hauen artean euskal dantzak, zeinetan nire ama hezitzailea izan den bere gaztarotik eta ni 3 urte nituela hasi nintzen ikastolarekin dantzatzen.
Momentu honetan euskal dantzetan monitoretza ikastaroko praktikak egiten ari naiz, izan ere, ikastolak titulazio hauek lortzeko aukera eskaintzen da. Nire ustez ikastola bat ezberdintzen duena euskararekiko duten konpromisoa da, euskara bultzatzeko mugimendu ugari egiten direlako eta oso parte-hartzaileak garelako kultura sustatzean.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, nik ikastolara etortzera gonbidatzen zaituztet, baita ere elkartasun hori senti dezazuen.
LAUDIO TXIKI ETA HAUR HEZKUNTZA
Laudio Txiki eta Haur Hezkuntzako kanpo espazioetan, jolastokian, etengabeko eraldaketan murgilduta gaude. Berrikuntza hau ezinezkoa litzateke ikastolako komunitatea osatzen duten ikasle, familia eta langileen ekarpenik gabe. Oraingoan ere, auzolanean ari(tu) gara txokoak biziberritzen, gune berriak sortzen.
Zer suposatzen dizu zuri zure seme-alabak-bilobek erabiliko dituzten kanpo espazioen biziberritzean parte hartzeak?
Alberto Laguna Larrazabal (guraso ohia eta egun HHko umeen aitite): Auzolanean parte hartzeko proposamena jaso nuenean baietz esan nuen gogotsu, guraso eta hezitzaileekin batera lanean aritzeko eta harremanetan egoteko aukera paregabea baita. Oso gustura ibili ginen guztien artean jolastoki inklusibo honen proiektuan, gainera, umeen gozamenerako izango denez, motibazioa handiagoa da.
Sandra Castañeda Ruiz (HH4 eta LH2ko umeen ama): Haurren hezkuntzaren eta garapenaren parte garela pentsatzea gustatzen zaigu gurasooi, eta, bide batez gure lan pixka batek ilusioz bete ditzake haurren jolasorduak.
Nola ikusten duzu Ikastolaren kanpo espazioenerabilera? Haurrengan zein onura izan ditzake naturaz gozatzeak?
SCR: Pandemia egoeran Ikastolak apostu handia egin zuen kanpoko espazioak zabaltzen eta gune berriak erabiltzen. Guri ideia paregabea iruditu zitzaigun momentu horretan eta asko gustatzen zaigu ideia horrekin jarraitzea, haurrek naturarekin daukaten hartu-emanak asko laguntzen baitu euren garapenean.
ALL: Ideia eta proiektua Ikastolako guraso arkitekto batek proposatutakoa da eta jolastokian eman diren aldaketa hauek umeengan oso onuragarriak izango dira. Proiektu berri hau ikuspuntu pedagogiko batetik abiatzen da eta umeek naturarekiko duten harremana gehiago bermatzeko balioko du (erabili ditugun materialak: ura eta egurraren presentzia handiagoa), jolas interaktiboak lurrean margotuta… Hau guztia beste kideekin elkarrekin jolasteko oso aproposa iruditzen zait.