Bidaia bera azaroaren 29an abiatu bazuten ere, abentura honetan urte bat baino gehiago daramate. Asko izan dira ibilbide honetan burutu izan dituzten ekintzak, eta orain, kanpamentuetan egiten ari diren lan kooperatiboarekin amaiera emango liokete.
Astebeteko bizipena izango da. Eta 2023ko apirilean bertara bidaiatuko ikasleek hasitako elkarlanari jarraipena eman diote; egunotan Bucraa (Aaiun) herriko nagusien eguneko zentroko baratzeko horma margotzen dabiltza. Hormaren eraikuntza ere aurtengo proiektuaren parte da.
Elkartasun proiektua gauzatzeaz gain, tokiko errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten ari dira, saharar errefuxiatuekin batera bizi baitira, euren etxebizitzetan. Oraindik egun batzuk geratzen zaizkie eta azpiegitura ezberdinak bisitatuko dituzte.
“Espero nuena baino hobea da baina oso oso harrigarria egiten ari zait. Daukaten apurra eskaintzen dizute. Familien eta bertakoen partetik harrera ezinhobea izaten ari da. Bost hamarkada errefuxiatuen kanpamentuetan egoteko aurrerapena nabaria da baina ez dute bizirauteko baliabide nahikorik.” Oihan Gorostiaga Estiballes ikaslearen hitzak.