Saharar herriak 49 urte daramatza Aljerian, Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetan, 1975ean Marokok Mendebaldeko sahara okupatu zuenetik. Ia bost hamarkada pasatu badira ere, saharararrek itxaropena eta autodeterminazioaren aldeko borroka bizirik mantendu eta mantentzen dute. Edozelan, kanpamentuetan bizirauteko baldintzak ez dira onak eta ezinbestekoa dute nazioarteko laguntza.
Euren egoera bidera dadin eta euren lurretara itzultzeko laguntza ez da soilik laguntza material edo humanitarioarekin lortuko, bestelako bide eta erabaki batzuk beharrezkoak dira; autodeterminazio eskubidea errespetatzea. Baina hori lortu bitartean, eta euren biziraupena bermatzeko, laguntza indartzen jarraitu beharra dago. Eta hori da, hain zuzen ere, Ikastolak hamarkada hauetan egin duena. Hezkuntza zentro bezala ditugun aukera eta baliabideak kontuan hartuta, saharar herria ekimen ezberdinen bidez lagundu eta, bide batez, euren egoeraren berri eman dugu. Ezin da ahaztu Saharar herriak bizi duena bidegabekeria bat dela.
Elikagai bilketa
Azken urteotan, urtarrilaren bueltan Euskal Herri mailan antolatzen den elkartasun karabanarako elikagai bilketan parte hartu dugu. Ikastolak bilketa hau indartu nahi izan du eta aurten, esaterako, 420kgtik gora bildu dira.
220kg lekale
90kg pasta
72kg arroza
24kg arroza
20kg lata
2 kutxa konpresa
Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikasleak, Saharako bizi-baldintzak eta errealitatea ezagutzeko lanketa egin dutela, elikagaien bilketako arduradunak izan dira. Eskerrik asko!
Bilketa propioa
Ikasurte honetan, abenduan, saharar erefuxiatuen kanpamentuetara egindako bidaian parte hartu zutenek buruan eta bihotzean betirako orbaina ekarri zuten. Hori bakarrik ez, "etxerako lanak" ere ekarri zituzten. Eta, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek esaten duten bezala, "sentitu, pentsatu eta ekin" egin zuten. Asko dira han dauden beharrak, baina handik ekarritako eskaerak ordenatu eta Ikastola bezala erantzuteko edo laguntzeko modukoak zirenak lehenestuta, bilketa propioari ekin genion.
Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikasleak eta "Road to Bucraa" taldeetako (bidaia kooperatiboan parte hartu dutenak - batxilergoko 2.maila- eta parte hartuko dutenak -batxilergoko 1.maila-) kideak ibili dira honetan buru-belarri.
Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikasleek koadernoak bildu eta Bucraa herriko Logroño eskolara bidaltzeko material didaktikoa sortu dute hango ikasleek espainolez ikas dezaten. Ehun kilo baino gehiago maitasunez ekoiztutako eskola materialean! Itzela egin duzuen lana!
Batxilergoko ikasleek, aldiz, nagusientzako pardelen bilketa indartu dute. 245kg pardel Bucraa herriko nagusientzat!
Zorionak eta mila esker, beste behin ere, kooperatiba solidarioa garela erakustegatik! 800 kilotik gora bildu ditugu, 800 kilo elkartasun eta maitasun, Laudiotik Bucraara!
Eskerrik asko ekarpena egin duzuen familia eta botikei!
Abiatu da ikaSahara furgoneta!