Abian da 2015ekoLaudioar Zikloturista. Urtero legez txirrindulari ohi bat edo txirrindularitza munduko pertsonaia omendu ohi dugu. Aurten Joane Somarriba Sopelako txirrindulari ohia da aukeratua, hiru aldiz Frantziako Tourraren irabazlea eta bitan Italiako Giroan garailea.
Batetik Emakumearen papera gure kirol maitatua den txirrindularitzan omendu eta bestetik Euskal Herriko inoizko txirrindularirik onenetakoa izandako ibilbide profesionalagatik goraipatu nahi izan dugu.
Maiatzak 16a da aukeratutako eguna eta ohiko ibilbidea da aurtengo apostua ere ibilbideari dagokionez.
Angulo mendatea igo eta Valderejo Parke natualean sartu. Añanako Gesaltzarantz jo, Pobes eta Izarra herriak zeharkatu aurrerago, ondoren Barrerilla mendatea jaitsi eta azkenengo kilometroetan Lendoño eta Belandiako gainak gainditu amaieran Garatetik Laudiora berriro heltzeko. Ibilbide ikusgarria eta gogorra, txirrindularien gozamenerako pentsatua.
Zikloturista martxa dirauen bitartean Aldaiko plazan ekitaldi ezberdinez osatutako egitaraua osatzen ari gara.
Besteak beste, umeentzako bizikleta martxa, puzgarriak, gincana, zinta lasterketa …prestatu ditugu. Goizean zehar familia giroan egun ahaztezina igarotzeko aukera paregabea.