LAUDIOKO TXOSNA BATZORDEAK URREZKO KATXIA EMANGO DIO TTUNTTURRO
ZANPANTZAR TALDEARI
Laudioko Txosna Batzordeak herriko eragileek urtean zehar egiten duten lana saritu nahi du. Horretarako, aurten, Urrezko Katxia izena izango duen saria sortu du eta urtero, gure herriko talde edo norbanakoren bati emango dio, egindako lana saritzeko.
2013 honetan, Ttuntturro Zanpantzar Taldeak jasoko du Urrezko Katxia. Hainbat urtez talde horrek euskal kulturaren alde egin duen lana saritu nahi dugu horrela. Izan ere, nabarmentzekoa da gurean galduta zegoen euskal ohitura bat berreskuratzeko egin duten ahalegina. Haiei esker, joareak jotzearen tradizio zaharra berpiztu egin da Laudion, eta urtean zehar, ohitura horrekin gozatzeko hainbat aukera eskaintzen dizkigute, gure herrian egiten diren hainbat jai eta kultur ekitaldi alaitu eta kolorez janztearekin batera (sanblasak, inauteriak, auzoetako eta herriko jaiak, euskal jaia, olentzeroren kalejira…).
Gainera, aurten, Joaldunen Festa arrakastatsua antolatu zuten ekainean Laudion. Joaldunen Biltzarrak urtero egiten duen joaldunen topagune nagusia da hori, eta aurten, Euskal Herri osotik etorritako hainbat eta hainbat taldetako joaldunak gure herrian elkartu ziren. Halako ekitaldi ikusgarria antolatzeagatik ere gure zoriona merezi dute.
Horrengatik guztiarengatik, beraz, Ttuntturro Zanpantzar Taldeko kideak izango dira Urrezko Katxia jaso eta abuztuaren 15ean txosnagunea irekitzeko botatzen den txupina jaurtitzeko ardura izango dutenak.
Egitarau oparoa
Bestalde, urtero bezala, txosnaguneak ekintza ugariz atondutako egitarau zabala izango du. Adin guztietarako ekintzak programatu dira, eta egunero egongo da zer egina txosnako karparen azpian edo herrian zehar: jolasak, herri bazkari eta afaria, kantukada, eskupilota eta mus txapelketak…
Aipamen berezia merezi dute kontzertuek. Egunero musika zuzenean entzuteko aukera egongo da txosnagunean, eta puntako taldeak ikusi ahal izango ditugu taula gainean: KOP, Willis Drummond, ETS, Itziarren Semeak, Skasti, EH Sukarra eta beste hainbat.
Nobedaderik ere ez da falta. Aurten, Nerbioi ibaian egiten zen Gabarra jaitsiera tradizionala berreskuratuko dugu. Koadrilen egunean izango da, eta parte hartu nahi duten guztiek gabarra prestatzeko materiala eskura izango dute goizean Herriko Plazan. Gabarra jaitsiera, aldiz, gauez egingo da, 21:00etatik aurrera.
Azkenik, lasai afaltzeko txoko berezi bat prestatuko dugu, karparen ondoko plazatxoan, egunero irekita egongo dena 20:00etatik 2:00etara.