Urteak joan eta urteak etorri nagusitzen goaz oharkabean. 2016. urtean 15 urte beteko dira Laudioko Gazte Asanbladak Urkixo markesen jauregi zaharreko kaperan Gaztetxea eraikitzeko
proiektuari heldu ziotenetik.
Ez da, ordea, bere urtemuga hain gertu duen gaztetxe hau, Laudioko lehenengo gaztetxea izan. 1991an ireki zituen ateak Zubiko Etxean kokatuta zegoen lehenengo gaztetxe horrek, Laudioko herri mugimenduaren historia luze eta gorabeheratsuan. Gerora, 1993an, EAJren udal gobernuak desalojatuko zuena.
Ondoren, skuataren desalojoak umezurtz utziko zuen, guztiz, Laudioko herri mugimendua eta kultura alternatiboa. Non elkartu ez zutela, Laudioko gazteria kultur etxeko gela batean batzen hasi zen. 2001. urte hartan, mailukadaz mailukada hormak eraisten eta berriak altxatzen, Urkixo Markesen kapera okupatu, atondu eta gaurdaino iraun duen Laudioko Gaztetxearen ateak zabaldu zituzten.
Badaukagu zer ospatu, beraz, datorren urtean! 15 urte igaro dira gazte talde horrek kapera zahar eta abandonatu bat herri mugimenduaren topagune bihurtzeko hautua egin zuenetik. Ez
dira hutsean igarotako urteak izan, herri honetako oligarkiaren gotorleku zen jauregia, herri borroka ezberdinen esparru erreferente bihurtu da. Apaizen sermoietatik Berri Txarrak, Bad
Sound System, Governors eta beste hamaika musika talderen kontzertutaz gozatzera pasa gara. Dozenaka hitzaldi, mahai-inguru, tailer eta eztabaida bizi izan ditugu herriko hainbat
gazte belaunaldik. Alfontso XIII.a paseatzen zen lekuan, ehunka gazte iraultzaile paseatzen dira orain.
Iragan azaroaren 21ean ospatu genuen Atso Egunak gaztetxearen historian barrena egiteko aukera eman zigun, 1991ko lehen urrats horietatik gaur eguneraino.
Eta non gaude gaur egun? Urtebetetze festa erraldoi baten atarian gaude! 15 urte ez dira gutxi eta ospatzeko arrazoiak ez dira falta. 2016 urtean zehar luzatuko den ospakizuna, ordea, ezin da ezerezetik sortu; Laudioko gazte guztion artean lan egin behar dugu ahaztezina izango den urtebetetze festa hau aurrera eramateko. Zerbait erakutsi badigu erakin honek zera da:
Laudioko Gaztetxean edozer dela posible!
15 urte asko dira, baina guk gehiago bete nahi ditugu. Arnasa hartu, atzera begiratuta egindako ibilbidea ikusi, egin dezagun topa eta goazen hurrengo 15 urteak indarrez eta ilusioz
betetzera!
Zorionak!