2010ean ospatu zen azkenengo aldiz Laudioko Gazte Eguna. Datorren azaroaren 22an, lau urte geroago,berriz ere izango dira Laudioko kaleak gazteen topaleku. “Ez utzi hiltzen” lelopean Laudioko Gazte Asanbladak herriko beste hainbat gazte (ta ez hain gazte) kolektiboekin batera ekintzaz jositako eguna antolatu du. Baina zer dela eta dago hilzorian Laudioko gazteria? Herriko gazteak aisialdiaren kontsumitzaile huts bihurtu gara, lokaletan giltzapetuta pasatzen dugu denbora, era begetatiboan, herriak guri eskaintzeko duenaren zain.
Pasibotasun horrekin apurtu eta Laudioko gazteria aisialdiaren parte aktibo bihurtzeko asmoarekin dator Laudioko Gazte Eguna, norbanako eta eragile desberdinen artean harreman berriak sortu eta harreman zaharrak estutu, kaleak berriro ere gazteriaren sorleku eta dantzaleku bihurtzeko asmoarekin. Herriak guri emango digunaren zain egon ordez Laudioko gazteok herriari eman ahal dioguna zer den pentsatu behar dugu. Azaroaren 22an dugu Gazte Eguna, baina ez da egun soil batean geratuko. Laudioko gazteriak taupaka jarraitzea da helburua urteko 365 egunak izan daitezen Gazte Egun! Animatu, parte hartu eta ez utzi hiltzen!