2013an antolatu genituen Laudioko Gaztetxean azkenengo Jardunaldi Antikapitalistak. Lau urte pasa dira ordutik hona. Hala ere, jardunaldiak berreskuratzeko beharra ikusten dugu. Gauzak hala, apirilaren 24tik maiatzaren 14ra izango da jardunaldien hirugarren edizioa.
Hainbat dira jardunaldiak berriz antolatzera bultzatu gaituzten arrazoiak, baina bat nabarmendu beharko bagenu, honako hau azpimarratuko genuke: gazte asanbladaren eta herriaren pentsamendu kritikoa garatzeko beharra ikusi dugula. Gaur egungo errealitatea aztertzeko eta erantzun kolektibo bat emateko aproposak ikusten ditugu jardunaldiak, baita hainbat esperientzia ikasteko ere.
Hamaika hitzaldi eta eztabaidek beteko dute egitaraua, kulturari lekua eginez beti ere, kontzertu, antzerki edota erakusketen bidez. Hurrengo asteetan zabalduko dugu egitaraua. Adi egon eta gorde data hauek!