IRITZIA

Gaztetxearen desalojoa gelditu!

Erabiltzailearen aurpegia Galder Calavia eta Malen Atxa 2022ko mai. 12a, 07:00

Malen Atxa eta Galder Calavia, iragan ostiralean eginiko agerraldian. / Aiaraldea.eus

Hasieran salatu genuen modura, Lamuza Parkeko obrak gu Gaztetxetik kanporatzeko aitzakia baino ez dira izan. Hauek bukatzean Udalak Gaztetxera bueltatuko ginela publikoki adierazi bazuen ere, hau gezurra zela agerian geratu da, Udalak ez baitu bere hitza bete. Are gehiago, Aldundiarekin batera Gaztetxerako erabilera berriak diseinatzen ari dira. Hau guztia, Parkeko eragileen interes eta beharrak kontuan hartu gabe. Ez dugu Gaztetxea utziko Gaztetxeak dituen baldintzak betetzen ez dituen beste edozein espaziogatik.

Gure iritziz, tamalgarria da parkearen azpiegitura hobetzeko aldarrikapena (egunero parkea erabiltzen dugun kolektibook bultzatu genuena), kolektibo ezberdinak haien espazioetatik kanporatzeko erabiltzea. Beste behin ere, agerian geratu da interes instituzionalak eta diru publikoak politikari profesionalen beharrei soilik mesede egiten diela. Era berean, Gaztetxeak bere ateak berriro ireki zituenetik, pairatu dugun jazarpen poliziala salatu nahi dugu. Identifikazioak, mehatxuak eta isunak gure jarduera oztopatzeko Udalak erabili dituen presio-mekanismoak dira.

Azkena, agerraldiaren aurreko egunean: zamalanak egiten ari ziren bi gazteen aurka munipen bi patruilek oldartu eta isunekin mehatxatu zituzten. Baina, nabarmenena da munipen jarrera hori sistematikoa bihurtu dela: antolakuntza politikoaren (Gaztetxearen desalojoa salatzea kasu) edozein arrasto ikusi bezain pronto, hori oztopatzen saiatzen dira automatikoki.

20 urte hauetan hainbat izan dira Laudioko Gaztetxetik igaro diren eta espazio hau eraikitzen lagundu duten belaunaldiak. Kide horien konpromiso eta lanari esker aurrera atera dira hamaika kontzertu, egitarau eta jardunaldi. Desalojoa horrekin guztiarekin amaitzera dator, Laudioko gazteok antolakuntzarako espazioak eduki ez ditzagun, gure interes eta beharren alde antola ez gaitezen.

Hala ere, arazo hau ezin da Laudiora mugatu. Okupazioaren kontrako erasoaldia argia da eta antolakuntzarako premisa diren espazioak ezabatu nahi dituzte. Horregatik, ez da nahikoa lekuan lekuko gaitasunekin soilik borrokatzea eta indarren batasunaren aldeko apustua egin behar dugu.

Beraz, gogor salatu nahi dugu Laudioko Gaztetxearen aurkako desalojo prozesua; Laudioko gazteok alderdi politiko eta instituzioen interesetatik harago antolakuntzarako espazioak behar ditugulako. Konpromiso militanteak ekarri gaitu hona eta konpromiso horretan oinarrituko gara Laudioko Gaztetxea eraikitzen jarraitzeko. Ofentsiba berri honetan, gazte langileontzat funtsezkoak diren espazio politikoak babesteko hautua irmoa da. Horregatik, eraso guztien aurrean Gaztetxea defendatzeko deia luzatzen dugu.

Gora Laudioko Gaztetxea!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide