Laudioko Udalak LAIA plazara proiektua jarri du martxan, Arabako Foru Aldundiarekin, kuadrilletako langile teknikoekin eta lurraldeko gainerako udalekin batera. Espazio birtual bat da, non Arabako emakumeek beren kezkak eta bizipenak partekatu ahal izango dituzten, elkar konektatu, eta beren beharrak jaso eta erantzun, COVID-19k eragindako konfinamenduaren testuinguruan. Horretarako, laiaplazara.eus esteka erabili ahal izango da.
Proiektuaren helburua da emakumeak beren etxeetatik plaza publikora ateratzea modu birtualean eta isolamendu sozialaren uneari erantzun bat ematea; izan ere, zaila egiten da talde-harremanak izatea. Hori lortzeko, LAIA Eskolak, Arabako Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak, azken urteotan sortutako sarea erabiltzen da. LAIA plazara espazio dinamikoa da, erabiltzeko erraza, erakargarria eta parte-hartzailea, interesa duten emakumeek beren ekarpenekin parte har dezaten eta edukiak zabal ditzaten.
Plataforma dinamikoa
Loli Muriel Emakume eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, "ekimena foro ireki batekin hasiko da, non lehenengo galdera bat egingo den, emakumeak konfinamendu-egoera hori nola bizitzen ari diren jakiteko, baita sormen-adierazpenak partekatzeko gune batekin eta galderen eta iradokizunen postontzi batekin ere".
Pixkanaka, beste baliabide batzuk jarriko dira martxan, hala nola liburutegi ireki bat, prestakuntza-espazioak eta emakumeak teknologia berrietan ahalduntzeko tresnak. "Plataformak atal bat ere badu gizarte eta komunitate baliabideekin, koronabirus garaian emakumeei lagundu ahal izateko; besteak beste, genero indarkeriaren biktimentzako arreta zerbitzuak", gaineratu du zinegotziak. Webguneak, halaber, tresna hori erabiltzen duenak adierazten dituen kezken erantzunak jasoko ditu, pilula gisa, Youtubeko edukiak, landa-eremuko emakumeen ezagutzak, baliabideei buruzko informazioa edo agente feministek galdera zehatz horiei emandako erantzunak.
"Laudioarrak animatu nahi nituzke ekimen hau eta laiaplazara.eus web helbidea WhatsApp edo sare sozialen bidez zabaltzera, ahalik eta emakume gehienengana iristeko eta, interesatzen bazaie, parte hartu ahal izateko", amaitu du Loli Murielek.