Koronabirusaren hedapenak eragindako osasun-krisiaren eta bizilagunen osasuna bermatzeko bermerik ezaren ondorioz, Udalak duela aste batzuk jakinarazi zuen erromeria eta, maiatzero bezala, Laudioko Santa Luziaren omenez egiten diren ekitaldiak ere bertan behera geratuko zirela. Aurtengo kasuan, larunbaterako (hilak 23), iganderako (hilak 24) eta astelehenerako (hilak 25) aurreikusi ziren.
Hala ere, ohiz kanpoko une hauetan tradizioari eusteko, igandean, maiatzaren 24an, zuzeneko musikarekin ibilaldiak egingo dira udalerriaren erdigunean. Modu horretan, laudioarrentzat hain garrantzitsua den jai hau modu errazean ospatu nahi da, osasun-agintariek ezarritako segurtasun-urruntze sozialeko neurri guztiak betez.
Era berean, keinu honen bidez berriro piztu nahi da udalerriak baldintza normaletan erakusten duen berotasuna, ostalaritzako eta merkataritzako lokalak bizilagunei irekita baitaude. Pixkanaka, Gobernu zentralak eta Eusko Jaurlaritzak diseinatutako deseskaladak aurrera egin ahala, berreskuratu egingo da.
Jai-ekitaldiak
Tradizioz, egun hau ospatzeko, erromeria egiten da Santa Luzia ermitaraino. Udalerriarentzat balio handia duen kokagune horren inguruan hainbat jarduera egiten dira, hala nola mendiko bizikleta-martxak, Burdin Hesi historikoan zeharreko ibilbideak, herri-kirolak eta haurrentzako lasterketak edo jolasak, ikuskizunarekin eta txokolatadarekin.
Aurten, Laudioko erdialdean goiz eta arratsaldez egingo diren doinu tradizionalekin batera, maiatzaren 24an, igandea, Santa Luziari buruzko bideo bat eta jaiaren jatorria eta tradizioak zehazten dituen artikulu bat argitaratuko dira udalaren webgunean (www.laudio.eus).