Talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein lehiaketak izena emateko epea ireki du, berriz, ekainaren 24rarte

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2020ko eka. 2a, 06:00

Aurtengo ekitaldiaren aurkezpenaren irudi bat./ Laudioko Udala

Jasotzen diren proposamen berriak orain arte izena emandako 156 artistei batuko zaizkie. Kopuru horrekin, lehiaketak bere parte-hartze marka gainditu du bosgarren urtez jarraian. Ikus-entzuleen saria erabakitzeko online bozketak ekainaren 25ean hasiko dira.

Basauriko Udalak Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Rockein musika lehiaketak izena emateko epea ireki du, berriz, ekainaren 24rarte. 24 eguneko tarte berri hau jatorrizko izenemate epearen barruan zegoen martxoaren 14tik apirilaren 6ra arte ahalbidetutako aldia ordezkatzera dator. Aldi hura berezitzat hartu da, alarma-egoeraren ondorioz orduan ezarri ziren murrizketak direla eta. Gogora dezagun Rockein Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako talde zein bakarlariei zuzenduriko lehiaketa dela.

Ekainaren 24ra bitartean jasotzen diren proposamen berriak aurretik izena emandako 156 artistei batuko zaizkie. Horiekin, bosgarren urtez jarraian lehiaketak bere partehartze marka gainditu du. 156 artista horietako 21ek taldekideetako bat, gutxienez, aipaturiko lau udalerrietako batean erroldatuta dute; 18 dira euskarazko artista onenaren saria irabazteko hautagaiak.

Ikus-entzuleen saria hautatzeko online bozketak ekainaren 25ean hasiko dira. Hortik aurrera, era berean, lehiaketaren epai mahaiak zortzigarren edizio honetako seifinalistak erabakitzeko prozesua hasiko du.

Finala iragan maiatzaren 22rako programatuta zegoen Basauriko Social Antzokian, baina alarma-egoeraren ondorioz eta Covid-19aren hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri gisa, atzeratu egin zen. Baldintza orokorrek publikoarentzat, artistentzat eta langileentzat erabateko segurtasun-bermea eskaintzen dutenean iragarriko du antolakuntzak data berria, baina litekeena da 2020aren azken hiruhilekoan izatea.

Jokoan dauden sariak:

Talde irabazlearentzat: EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan; EParen 500 kopia diseinatu eta editatzea, CD euskarrian; bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea; eta Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Tokiko talderik onenarentzat: Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Euskarazko talderik onenarentzat: Abesti bat grabatzea eta ekoiztea; eta Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Publikoaren saria: Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Informazio gehiago hemen: www.facebook.com/rockein; Twitter, @rockeinrock; eta lehiaketaren oinarriak www.laudio.eus webgunean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide