Duela aste batzuk, Laudioko Udalak ofizialki jakinarazi behar izan zuen 2020ko sanrokeen ohiko ospakizuna bertan behera geratu zela. Hala ere, Udalak uda eta udazkena izan nahi ditu udalerrian kultur, jai eta aisialdiko jarduerekin, herriko jaiek herritarren egunerokotasunean jarraitzen dutela gogorarazteko.
Maite Cortazar Herritarrekiko Harremanetarako eta Jaietako zinegotziak adierazi duenez, “Jaiak kulturaren eta gure nortasunaren parte dira, eta, horregatik, aurten ere laudioar guztiei lotuta jarraitzea nahi dugu, eta udal ekitaldi guztiak jai giroaz bustitzea”.
Horretarako, jaietako egunik berezienetan, bizi dugun egoeraren araberako formatu txikiko ekitaldiak egingo dira, agintari eskudunek ezarritako osasun- eta segurtasun-mugak eta -argibideak une oro errespetatzea ahalbidetuko dutenak. Aitzakia horrekin, Udalak, aurten ere, helduentzako eta haurrentzako kartel lehiaketa egin du, Laudioko jaietako sugarra bizirik mantentzeko asmoz.
Parte hartzeko baldintzak
Lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Laudion erroldatuta egotea; egile bakoitzeko nahi adina kartel aurkeztu ahal izango dira, hainbat lelorekin, baldin eta originalak eta argitaratu gabeak badira eta aurretik saritu ez badira, eta teknika librekoak badira. Hala ere, ez dira onartuko marrazki eta/edo mezu sexistak, xenofoboak, arrazistak eta abar dituzten kartelak. “Haurren kategorian, 6 eta 14 urte bitarteko edozein haurrek parte hartu ahal izango du lehiaketan, baita Laudioko ikastetxeren batean matrikulatuta dagoenak ere”, azaldu du Cortazarrek.
Lanak kartelaren irudia duen artxibo gisa aurkeztuko dira, JPG formatuan (Neurriak: 820 x 1171 pixel. Ebazpena: 72 pixel/hazbete. Gehienezko pisua: 2 MB). Ezin izango dira sinatuta egon, ez eta aurkezten duen pertsonaren nortasuna ezagutzeko elementurik ere, eta irudiak 1000 mm x 700 mm formatuan erakutsi beharko du kartela (bertikalean).
Kartelean nahitaez sartu behar diren testuak honako hauek dira: SANROKEAK 2020 – Laudio/Llodio eta udalerriko armarri ofiziala, Udaleko Kultura, Kirol eta Jai Zerbitzuan emango den ereduaren arabera, zeina Udalaren webgunean ere eskuragarri baitago.
Sariak eta epaimahaia
“Kategoria orokorrean edo helduarokoan sari bakarra emango da, 1.000,00 euroko bonu bat, herriko dendetan 2020ko abenduaren 31ra arte erabiltzekoa”, azaldu du jaietako zinegotziak. Saria irabazten duen pertsonak uneoro bete beharko du sarien atxikipenei buruz indarrean dagoen araudia.
“Irabazlearen nortasuna ZUINen, udalaren webgunean eta ohiko udal komunikabideetan argitaratuko da, eta Laudioko Udaleko Kultura, Kirol eta Jai Zerbitzutik hitzordua jarriko zaio saria jasotzeko”, gaineratu du. Infantil kategoriari dagokionez, sari bakarra emango da: 200,00 euroko balioa duen material didaktiko sorta, herriko dendetan erositakoa.
Irabazlearen nortasuna ZUINen, udalaren webgunean eta ohiko udal-komunikabideetan argitaratuko da, eta Udaleko Kultura, Kirol eta Jai Zerbitzuak hitzordua emango dio saria jasotzera joateko.
Hautaketa-sistemak bi fase izango ditu; lehenengo fasean Epaimahai Teknikoa izango da protagonista, eta bigarren fasera igaroko diren obrak hautatuko ditu. “Bozketen” bigarren fasean, 100 puntu emango zaizkie gehienez: 50 puntu Epaimahai Teknikoaren bozketarako eta 50 puntu herri-bozketarako. Udal-webgunearen bidez baino ezin izango da sartu bozketan.
“Lehiaketan parte hartzeko epea ekainaren 21era artekoa izango da, egun hori barne, eta lanak www.laudio.eus udal webgunean horretarako prestatuko den formularioaren bidez aurkeztuko dira, aurkeztutako lanaren leloa, irudiaren artxiboa eta identifikazio datuak eta lana aurkezten duen pertsonaren kontaktua barne”, ondorioztatu du Maite Cortazarrek.