Laudio bere historiako bigarren parte hartzerako aurrekontuak prestatzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2020ko uzt. 2a, 12:00

Ander Larrinaga eta Eva Marquinez udal gobernuko kideek eman zuten atzo prentsaurrekoa. / Aiaraldea.eus

Uztailaren 6tik aurrera, laudioarrek euren ideiak aurkeztu ahal izango dituzte, udal-aurrekontuko 250.000 euro nola kudeatu erabakitzeko.

2020ko aurrekontuak prestatzeari begira, Laudion jarri zen abian, lehen aldiz, aurrekontu parte-hartzaileen prozesu bat, laudioarrek etorkizuneko Laudioren eraikuntzari buruzko ideiak eman zitzaten. Horretarako, Ander Añibarro alkatearen gobernu-taldeak konpromisoa hartu zuen aurrekontuko 200.000 euro proiektu horietara bideratzeko.

Orain, 2021erako prest egon beharko duten aurrekontu berriak idazten hasteko unea iritsi da. Horrela, Eva Marquinez Ekonomia eta Zerga Kudeaketako zinegotziak gaur goizeko prentsaurrekoan jakitera eman duenez, "aurrekontu parte-hartzaileak diseinatzeko prozesua uztailaren 6an hasiko da, proposamenak aurkeztu ahal izateko epea irekita". Gogorarazi duenez, "tresna honek aukera ematen die Laudioko herritarrei udal aurrekontuaren zati bat jarduera eta ekimen berriak garatzeko nola erabili proposatzeko".

"Laudioko Udalak 250.000 euro gordeko ditu 2021erako aurrekontutik, eta herritarrengandik zuzenean datozen proiektuak gauzatzeko erabiliko da", adierazi du zinegotziak.

"Laudion erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du 2021erako aurrekontu parte-hartzaileei ideiak ematen, baita ordenamendu juridikoaren arabera 16 urtetik gorako nortasun juridikoa duen eta udalerrian erroldatuta dagoen edozein elkarte, fundazio, sindikatu, enpresa-elkarte, elkargo profesional, zuzenbide publikoko korporazio edo bestelako erakundek ere", gaineratu du.

Aurrekontuen prozesuaren faseak

Bestalde, Ander Larrinaga Udaleko Estrategia zinegotziak adierazi duenez, lehen fasean, uztailaren 6tik abuztuaren 7ra bitartean, "laudioarrek euren ideiak aurkeztu ahal izango dituzte, eta oinarrietan jasotzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Proposamenak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Udaletxeko beheko solairuan), edo www.laudio.eus udalaren webgunearen egoitza elektronikoaren bidez". Horretarako, ideiak proposatzeko eredua aurkeztu beharko da (HAZen eta udalaren webgunean eskuragarri).

Bigarren fasean, abuztuaren 10etik 28ra bitartean, eduki desegokia duten eta ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten proposamenak ezabatu ondoren, udal-arloek ikuspegi juridiko, tekniko eta ekonomikotik aztertuko dute jasotako proposamenen bideragarritasuna. Legezkoak eta bideragarriak diren proposamenak lehentasun-fasera igaroko dira, eta bertan aukeratuko dira gauzatu beharreko proiektuak.

Hirugarren eta azken fasean, lehenetsitako proposamenak 2021erako udal-aurrekontuaren proiektuan sartuko dira, udalbatzak onar ditzan. Horretarako, udalak proposamen guztien zerrenda argitaratuko du, analisi eta balorazio teknikoaren fasea zein izan den eta aurrekontu proiektuan zeintzuk sartu diren adieraziz.

Laudioko lehen aurrekontu parte-hartzaileek 53 proposamen jaso zituzten guztira, eta aztertu eta lehenetsi egin ziren, 2020ko aurrekontuan sartzeko. Urte honetan, aurrekontu parte-hartzaileen prozesutik eratorritako hainbat jarduera egin dira, baita etorkizunean egin daitezkeen beste batzuk aztertu ere. "Dagoeneko eginda edo martxan dauden proiektu horien artean daude Zuberoa kaleko eta inguruko aparkalekuak berrantolatzea, bizikletak garbitzeko gune bat jartzea eta Nerbioi ibaia garbitzea, Enplegu Planaren esparruan landutako proiektua", adierazi du Larrinagak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide