Laudiok Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana egiteko prozesua abian jarri du

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2020ko urr. 7a, 06:00

Laudioko herrigunea, artxibo irudi batean. / Laudioko Udala

PMUSa ikuspegi tekniko batetik egingo da, mugikortasunean adituak diren langileen lanaren bidez, bai eta ikuspegi sozial batetik ere, eta diseinurako, laudioarren parte-hartzea eta ekarpena hartuko dira kontuan.

Hiri-mugikortasun osasungarriagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko helburuarekin, Laudioko Udalak Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (PMUS) egitea ahalbidetuko duen prozesuaren hasiera iragarri berri du. Plan estrategiko horretan oinarrituko dira udalerriko mugikortasunari buruzko etorkizuneko erabakiak.

Plana prestatzeko prozesua bi plano bereizitan gauzatuko da: plano teknikoa eta plano sozial eta parte-hartzailea. Ander Larrinaga Antolakuntza Publiko eta Zerbitzu Orokorretako zinegotziak jakinarazi duenez, "Ikuspuntu teknikotik, lehenik eta behin egoeraren diagnostikoa egingo da, Laudiok gaur egun duen mugikortasun ereduaren erradiografia zehatza lortzeko. Ondoren, jarduera-plan bat egingo da, diagnostikoan jasotzen diren erronkei aurre egiten lagunduko duten neurri zehatzekin".

Parte-hartze prozesua

Prozesuaren beste gakoa herritarren parte-hartzea izango da. "Udalak funtsezkotzat jotzen du Plana laudioarrekin elkarlanean egitea. Hori dela eta, parte-hartze prozesu bat jarriko da martxan, mugikortasunaren arloan herritarren ekarpenak, iritziak eta iradokizunak jasotzeko", iragarri du zinegotziak.

Lankidetza- eta partaidetza-espiritu horretatik abiatuta, "Udalak inkesta anonimo bat banatuko du Laudioko hainbat etxetara, herritarrek udalerrian dituzten mugikortasun-ohiturak ezagutzeko, eta horiek abiapuntu gisa erabiliko dira egoeraren diagnostikoa egiteko".

"Udalak uste du PMUSek mugikortasun eredu osasungarriagoa, atseginagoa eta jasangarriagoa diseinatzeko balioko duela, azken finean, Laudioko herritarren bizi-kalitatea hobetuko duena", bukatu du Ander Larrinagak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide