Laudioko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana egiteko prozesuaren esparruan, Udalak herritarren partaidetzarako fasea jarri du abian gaurtik, abenduaren 17tik, laudioarrek mugikortasunaren arloan dituzten iritziak eta iradokizunak jasotzeko. Horiek izango dira udalerrian mugikortasun-eredu jasangarriago berri bat diseinatzeko gakoetako bat.
Prozesuaren zati hau urtarrilaren 29an itxiko da, eta auzotarren parte-hartzea ahalik eta gehien bultzatu nahi da, ahalik eta adostasun handiena lortzeko plana egitean, eta, horrela, herritarrekin batera egindako lanaren emaitza izan dadin.
Udalerrian bizi eta/edo lan egiten duten pertsonen ikuspuntua jasotzeko, Udalak hainbat bide jarri ditu abian, hala nola online inkesta bat, postontziak udalerriko gune estrategikoetan eta parte-hartze jardunaldi birtualak eta/edo presentzialak.
Online inkesta
www.labur.eus/laudio-jasangarria webgunean, mugikortasunari eragiten dioten eremurik garrantzitsuenei buruzko iritzia eta gogobetetze-maila emateko aukera izango dute interesdunek: oinezkoen mugikortasuna, bizikleta mugikortasuna, garraio publikoa, ibilgailu pribatua, aparkaleku-sistema, bide-segurtasuna, zamalanak.
Era berean, Udalak hainbat postontzi jarriko ditu udalerriko gune estrategikoetan, hala nola udaletxean, Ugarte elizan, Aretako Kultur Etxean eta Gardeako Kiroldegian. Bertan, hala nahi duten laudioarrek idatziz utzi ahal izango dituzte beren balorazioak, iradokizunak eta/edo hobekuntza-puntuak, udalerriko mugikortasunari dagokionez.
Jardunaldi parte-hartzaileak
Azkenik, Udalak Laudioko herritarrak parte hartzeko jardunaldietara deitu nahi ditu. Jardunaldi horiek online nahiz aurrez aurre egin ahal izango dira, eta herritarrek udalerriko mugikortasunari buruz duten pertzepzioa, ikusten dituzten arazoak, egon daitezkeen hobekuntzak, eskaera zehatzak... islatzen dituen argazki bat ateratzeko balioko dute.
PMUSaren pertzepzio sozialaren fase honetan, azken batean, oso informazio garrantzitsua lortuko da, eta oso lagungarria izango da Laudiorako mugikortasun eredu adostu jasangarriagoa, osasungarriagoa eta eraginkorragoa eraikitzeko.