URAk eta Laudioko Udalak uholdeei aurre egiteko lanak sustatuko dituzte Altzarraten eta San Juanen

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2021ko urt. 17a, 08:53

Ostiralean egin zuten agerraldia URAk eta Laudioko Udalak zubian. / URA

Altzarrateko zubiaren egokitzapen hidraulikorako obrak otsailean lizitatuko dira, 1.828.210 euroko aurrekontuarekin eta 7 hilabeteko egikaritze-epearekin.

URA-Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa, eta Laudioko Udala ostiralean bildu ziren udalerriko Altzarrate zubian eta San Juan errekan uholdeei aurre egiteko lanak bultzatzeko. Bi erakundeek arlo hidraulikoan hobekuntza-jarduerak egiteko sinatutako esparru-akordioan aurreikusita daude obra horiek.

URAko zuzendari nagusi Antonio Aizek eta Laudioko alkate Ander Añibarrok konpromisoa hartu dute obrei "bultzada bat emateko", "Laudioko udalerrian uholde-arriskua murriztu eta  ur-goraldiak kudeatzeko". Bultzada hori konpromiso zehatzetan jaso da: Altzarrateko obra berehala gauzatuz, eta San Juaneko egokitze-proiektua osatuz.

Altzarrateko zubia

URAk jakinarazi duenez, Altzarrateko zubia hidraulikoki egokitzeko lanak otsailean lizitatuko dira, 1.828.210 euroko aurrekontuarekin eta 7 hilabeteko egikaritze-epearekin.Egungo Altzarrateko zubia (hormigoi armatuzko arkuaz osatua) ordezkatu egingo da. Egungo zabalera nahikoa ez denez (20 metroko argia), ur handiko gertakarietan, zubiak inguruan (ibaian gora) ur-lamina igoarazten du. Beraz, Laudioko Nerbioi ibaiaren goraldien kudeaketan kontuan hartu beharreko punturik sentikorrenetako bat da.

Ondorioz, Corten altzairuzko zubi bat eraikiko da, eta 25 m-ko argia eta 18 m-ko zabalera izango du. Zubi horrek ez du euskarririk izango ibilguan, eta oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailu motordunen trafikoa hartuko du. Era berean, azpiegitura berriak zerbitzu berriak jartzea eta erabilera berriak egokitzea ahalbidetuko du: hala nola, hondakinen bilketa pneumatikoa (ezkerraldeko azpiegitura eskuinaldearekin lotuko du, eta zerbitzua martxan jartzea ahalbidetuko du).

Zubia uholde handietako emariak (500 urteko errepikatze-denbora, T500) aise jariatzeko diseinatuta dago; hartara,  inguruan bizi diren pertsona eta inguruneko jarduerari segurtasun handiagoa emateko. Honen harian, aipatzekoa da zubi-taularen beheko aldea 119,95 m-ko kotan egongo dela. Zubia diseinatzerakoan, baina,  aintzat hartutako ur-goraldi motaren ur-laminaren kota (T500) 119,30 m-koa izango da. Bien arteko alde horren helburua da emari handienek, azpiegitura berritik igarotzean, zubi-taula berriaren kontra tupust egitea saihestea, eta korronteak ekarri ditzakeen flotatzaile handien joana erraztea.

San Juan erreka

Antonio Aiz URAko zuzendari nagusiak azaldu duenez, "estaldura kentzeko eta ibilgua egokitzeko proiektua martxoan amaituko da". Obrei esker, funtzio hidraulikoa hobetuko da, eta nabarmen handituko da Laudioko San Juan errekak, Zumalakarregi etorbidearen eta Goikoplaza kalearen artean, ura husteko duen ahalmena.

Horretarako, lanok ahalik eta bigunenak izatea aurreikusiko da, ibilgu ahalik eta naturalena diseinatuz, ibaiertzetan landaredia errotuz, gaur egun ia existitzen ez dena.

Eremuaren uholde-arriskua murrizteaz gain, ibilguaren eta ibaiertzen paisaia eta ingurumena lehengoratuko dira:  jarduketaren xede den erreka-tartearen ingurumen-kalitatea hobetzea sustatzeko. Bideratze berriak hiri-integrazio egokia izango du ingurunean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide