Udalak lanean jarraitzen du 2019-2023 Legegintzaldi honetako lehentasunezko helburuetako bat betetzeko: Kultura, sorkuntza eta kontsumoa sustatzea. Horretarako, partaidetza-prozesu bat diseinatu da, eta, horri esker, Laudio erreferentziazko kultura-udalerri gisa berreskuratu nahi da, bere ezaugarri eta berezitasun bakanekin.
Maite Cortazar Kultura zinegotziak adierazi duenez, "Gobernu taldetik kultur eredu ireki bat proposatzen dugu, Laudioko kultur garapenarekin zerikusia duten eragile guztiek beren ideiak adierazteko aukera izan dezaten, eta eredu hori prestatzen eta garatzen parte har dezaten". Hori dela eta, "Ezinbestekoa da eragile laudioarren artean koordinatutako eta kohesionatutako Kultura Plan Estrategiko bat izatea, gure ondareari eta kulturgintzari dagokionez jarduteko ildoak zehazteko abiapuntu izango dena", gaineratu du.
Parte-hartze prozesua
Horrela, baterako jarduera-plan berria diseinatu, landu eta definitu nahi da, kultura laudioarra bere osotasunean indartzeko. Cortazarrek azaldu duenez, "Lehen urrats gisa, Laudioar kulturan balioa eta/edo pisua duten alderdi esanguratsuak identifikatu nahi dira, hau da, udalerria gainerakoetatik bereizten duten puntu garrantzitsuak".
Hori egin ahal izateko, parte-hartze prozesu bat antolatu da, apirilaren 15ean, osteguna, 18:00etan Kasinoan egingo den topaketa bat bezalako ekimenen bidez. "Lehenengo saio honetan, eta talde txikitan banatuta, non hobetu behar dugun, zerk geldiarazten gaituen edo aurrera egitea eta kulturaz gozatzea eragozten digun hori aurkitzen saiatuko gara", adierazi du zinegotziak.
Egungo osasun-egoeraren ondorioz edukiera-murrizketa zorrotzak daudenez, bilerara elkarte bakoitzeko ordezkari bakarra joan ahal izango da. Hori dela eta, udalak bertaratuko direla baieztatzeko eskatu du, kultura@laudio.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz datorren asteartea, apirilaren 13a, baino lehen, aretoko logistika behar bezala antolatu ahal izateko.
"Lehen topaketa honi esker, ondorio eta argibideekin dokumentu xehatu bat egin ahal izango dugu, Laudioko kulturaren garapen eta bilakaerarako landu beharreko ildo estrategikoak marrazteko abiapuntu izango dena", amaitu du Maite Cortazarrek, Laudion kulturaren munduarekin zerikusia duten eta prozesuan lan egiteko, ekarpenak egiteko eta parte hartzen laguntzeko interesa duten pertsona guztiak gonbidatuz.