Laudioko Udalak, Gazteria Zerbitzuaren bidez, pertsonen sexualitateak artatzeko zerbitzu berri bat jarri berri du abian, `SEXADAZU´ izenarekin bataiatua, nork bere burua ezagutzea, nork bere burua onartzea eta nork bere burua askatasunez eta errespetuz adieraztea sustatzeko, pertsona guztien ongizate indibidualari eta bizikidetza sinergikoari laguntzeko, bai barne-eremuetan, bai eremu publikoetan.
Sexualitateak zaintzeari eta, zehazki, sexu-aholkularitzari esker, eskubide sexualak betetzen dira, eta, azken batean, gazteak ahalduntzen dira, beren bizitzei buruz erabaki dezaten. Horrela, Juan Jesús Merchán alkateorde eta Gazteria zinegotziak azaldu duenez, "Zerbitzu honi esker, sexu-aholkularitzarako puntu profesional bat eskaini ahal izango da hainbat gai garrantzitsutan, hala nola sexu-identitatean, desioaren orientazioan, jokabide erotikoetan, antikontzepzioan eta/edo praktika erotikoetako arriskuetan, non lehentasuna duten honako alderdi hauek: erantzunaren berehalakotasuna, gailu mugikorren bidezko irisgarritasuna, eta gazteen arteko komunikazio-tresna hedatuen erabilera".
Profesional espezializatuen taldea
Interesgarria da, halaber, gizarte-eragileei, familiei eta irakasleei, gazteen sexualitateari buruzko aholkularitza ematea. Horretarako, "Zerbitzu hau sexologiako profesionalek kudeatuko dute, gazteekin eta hezkuntza-eragileekin lan egiten esperientzia handia dutenek, eta 14-30 urte bitarteko gazteentzat eta gizarte-eragileentzat izango da, hala nola familientzat eta gazteen irakasleentzat", adierazi du zinegotziak.
`SEXADAZU´ ekimena garatzeko, gazteek komunikatzeko erabili ohi dituzten aplikazioak erabiliko dira, hala nola, Telegram, WhatsApp eta beste sare sozial batzuk. Horregatik, aipatutako mezularitza-aplikazioen bidez eta GAZTE ON gazteria-zerbitzuaren profil sozialen bidez (Facebooken eta Instagramen), jasotako zalantzak argituko dira. Horrela, telefonoz erantzungo zaie jasotako kontsultei, baita berehalako mezularitza-zerbitzuaren bidez ere, astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara.
Halaber, "Lehen bi hilabeteetan, zerbitzu hau ezagutarazteko helburuarekin, irakasleei hitzaldiak emango zaizkie bigarren hezkuntzako ikastetxeetan eta gazteen topaguneetan", amaitu du Juan Jesús Merchánek, laudioar gazteak zerbitzu berri honetan parte hartzera eta erabiltzera animatuz.