Laudioko Udalak bizilagunen ongizatea zaintzen jarraitu nahi du, baita kalitatezko zerbitzu publikoak eta herritarren eskaeretara egokitutakoak ematen ere. Horregatik, eta 2020ko otsaileko lehen esperientzia kontutan izanda, herritarrei inkestak egingo zaizkie berriro.
Oraingoan, inkestak telefonoz egingo dira, urriaren 4tik 15era bitartean, eta harremanetan jarriko dira 400 etxe ingururekin, Laudioko herritarren bizi-kalitatea balioesteko eta udal-zerbitzu publikoei buruz duten pertzepzioa ezagutzeko, bai eta haien beharrak eta lehentasunak ezagutzeko ere. Deiak ausazkoak izango dira, eta bildutako datuak modu konfidentzialean eta anonimoan tratatuko dira. Emandako informazioa estatistika-helburuetarako baino ez da erabiliko.
Galderak hamar multzotan banatuta daude: udalerriko bizitza; oinarrizko zerbitzuak, trafikoa eta aparkalekua; jarduera ekonomikoaren eta enpresa-jardueraren egoera; herritarren segurtasuna; kultura, kirola eta euskara; gizarte-zerbitzuak eta kolektibo espezifikoentzako arreta; informazioa, herritarren parte-hartzea eta webgunea; proiektuen lehentasuna; udalaren balorazioa; eta Covid-19.
Aldez aurretik, eskerrak eman nahi dizkiegu laudioarrei azterlan honetan parte hartzeagatik, Udalak ematen dituen zerbitzuak hobetzeko balioko baitu.