Udalak 442.000 euroko balioa duten auzoproposamenak sartu ditu 2022ko aurrekontu-proiektuan

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2021ko ira. 30a, 07:00

Kasinoan inbertsioa egingo du udalak.

Aurreikusitako epean, herritarren 23 proposamen jaso dira.

Aurrekontuetan parte hartzeko prozesua amaitu da, eta proposatutako proiektuen bideragarritasuna aztertu ostean, 2022ko Aurrekontu Proiektuan bideragarritzat jo diren proposamen guztiak sartzea erabaki da.

Aurreikusitako epean, herritarren 23 proposamen jaso dira. Horien bideragarritasuna ziurtatzeko, guztiak aztertu dira teknikoki nahiz ekonomikoki.

Azterketa horren ondoren, Ander Añibarro buru duen Udalak konpromisoa hartu du honako proiektu hauek bilduko dituen aurrekontu-proiektu bat aurkezteko:

  •  Haurrentzako jolasleku berri bat egitea Lamuzako parkean.
  • Aretako parkeko bolalekuaren espazioa birmoldatzea.
  • Arrapalak berritzea eta Ellakuriko igerilekuetan beste hobekuntza batzuk egitea.
  •  Rokodromoa instalatzea.
  •  Enplegua sustatzeko programa bat abian jartzea.
  •  Terentzio eta Tomasa erraldoien zaharberritzea.
  •  Lamuza parkeko Kasinorako ekipamendua erostea.

Herritarrek prozesuan eskatutako beste proiektu batzuk ez dira 2022ko kontuetan sartu, urteko azken hiruhilekoan gauzatuko direla aurreikusten delako. Besteak beste, "haur-parke bat estaltzea, San Joan askaldegia hobetzea edo haur-eremu batzuen perimetroa hesitzea", dira jaso ez direnetako batzuk, Añibarroren esanetan. Diru-aplikazio espezifikorik behar ez duten proiektuak ere ez dira 2022ko
aurrekontuetan jasoko, nahiz eta gauzatu egin daitezkeen (hiri-altzariak instalatzea, barandak pintatzea, etab). "Horrelako proiektuak Udalaren ohiko aurrekontuarekin finantzatzen dira, eta esku-hartze zehatzak beharren arabera zehazten dira urte osoan", zehaztu du alkateak.

Aurrerago proposamenak bozkatzeko beste fase bat aurreikusita bazegoen ere, Udalak egokitzat jo du aurrekontu-proiektuan ekimen bideragarri guztiak sartzea, eta, horrenbestez, amaitutzat jo da aurrekontuetan parte hartzeko hirugarren prozesua. Horiek horrela, 442.700 euro gordeko ditu erakundeak Laudioko herritarrek aurkeztutako ekimenak gauzatzeko, hasiera batean aurreikusitako zenbatekoaren bikoitza baino gehiago.

Laudioko Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei beste behin ere prozesu honetan parte hartu izanagatik, baita honelako ekimenetan parte hartzen jarraitzera animatzeagatik ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide