Laudioko Udalak, Ahize-AEk euskara aholkularitzarekin batera, euskararen mapa egin du, proiektuan inplikatu diren 132 eragileak identifikatzeko. Mapa horren helburua "Laudio bizi! Euskaraz bizi!" euskara planari jarraipena ematea da. Duela hamar urte jarri zen martxan plan hori, udalerriko merkatariekin, ostalariekin, enpresa txikiekin eta elkarteekin batera. Mapa berri honen bitartez, udalerriko jatetxe, taberna, denda, elkarte eta enpresa txikietan euskaraz harremanak izan ditzaketen pertsonak identifikatu gura dira, herritarren artean euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko helburuz.
Mapan, partaide bakoitzak negozioa edo elkartea duen lekuan kokatu du bere burua, eta euskararen ezagutza mailaren edo ezarpenaren arabera kolore desberdinez identifikatu dira. Horrela, euskaraz non berba egin dezaketen jakin ahalko dute Laudioko herritarrek. Partaideak hiru kategoriatan banatu dira: puntu urdina dutenek %100ean euskaldun dira, hau da, langile guztiak euskaraz komunikatzeko gai direla adierazten du; puntu laranjak %50ean euskaldun diren lekuak markatzen ditu -langile batzuk euskaraz komunikatzen dira-, eta, azkenik, kolore zuria dutenak euskararekiko konpromisoa hartu dute, nahiz eta euskara hutsean komunikatzeko zailtasunak izan. Maparen atzealdean, herritarrei euskaraz komunikatzeko aukera emango dieten pertsonen argazkiak ageri dira.
Herriko etxe guztietara igorri da mapa, eta erakundeak ale gehiago jarriko ditu herritarren esku hainbat udal gunetan.