Laudioko Udalak kirol-instalazioak ireki dizkie berriro bazkide ez diren erabiltzaileei, koronabirusaren pandemia geldiarazteko murrizketak kendu ostean. Hori bai, igerilekuko edo gimnasioko zerbitzuak erreserbatu egin beharko dira. LABIk hartutako azken neurriak indarrean sartzearekin batera, Laudiok normaltasunera itzultzeko prozesua hasiko du. Hala adierazi du Joseba Amondo Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.
Abonatu ez diren pertsonak dagoeneko sar daitezke kirol-instalazio eta zerbitzuetara, iazko ekainetik Udalak erabilera abonatuei mugatzea erabaki ondoren. Gainera, edukiera-murrizketak ezabatzearen ondorioz, urrian zehar Laudiok ikastaro eta jardueren plazak handituko ditu, % 100 berreskuratu arte. Itxarote-zerrendan dauden pertsonak lehentasuna izango dute, eta zerrendaren ordena errespetatuko da. Helburua datorren azaroan normaltasun osoz funtzionatzea da.
Aurretiko Hitzordua
Laudioko Udalak igerilekuko eta gimnasioko zerbitzuetarako aurretiko hitzordua eskatzeko betebeharrari eustea erabaki du “erabiltzaileek erakutsitako gogobetetzearengatik”. “Ordena eta kontrol egokiko elementua dela uste dugu”, gehitu du zinegotziak. Instalazioetan musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da, orain arte bezala.