Laudioko Udalak azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeriarik Ezaren Nazioarteko Eguna gogoraraziko du, hilabete honetan zehar egingo diren hainbat jarduerarekin. Pandemiarekin gogortu den arazo sozial larri horren inguruan sentsibilizatzen eta kontzientziatzen jarraitzeko, Udaleko Emakume eta Berdintasun
Zerbitzuak hainbat ekintza programatu ditu, tailerrak, antzezlanak ahalduntzeko tresna gisa eta baita indarkeria matxista gaitzetsi eta salatu nahi duen esperientzia sentsorial bat ere.
“Indarkeria matxistak gizarteak duen gaitz larriena izaten jarraitzen du. Laudioko Udalak herritar guztiei dei egiten die, modu aktiboan parte har dezaten azaroaren 25a dela-eta udalerri guztietan egingo diren salaketa eta aldarrikapen ekitaldietan”, adierazi du Loli Muriel Berdintasun zinegotziak.