Laudioko Udalak martxoaren 11tik 30era bitartean, biak barne, jarriko du abian herrian euskara bultzatzeko eta sustatzeko helburua duen “Euskara, sari ziurra” kanpaina. Ekimenean eta sarien zozketan (5.362 opari zuzen eta 36 opari berezi) parte hartu nahi duten laudioarrek kanpainari atxikitako 82 establezimenduetako edozeinetara joan eta gutxieneko elkarrizketa bat izan beharko dute euskaraz. Agur hutsa izan daiteke, betiere pertsona bakoitzaren gaitasunen arabera. Jarraian, bezeroari txartel bat emango zaio, lortutako saria zein den jakiteko.
Sari berezien zozketa martxoaren 31n, ostegunean, egingo da, 20:00etan Aldai plazan, Korrika Laudiotik igarotzean.
Zuzeneko opari asko beste lokal partaide batean jaso beharko dira, euskara berriro erabiliko dela aurresuposatuz. Horrela, Udalak interakzio linguistiko eta komertzialerako sarea osatu nahi du. Euskararekin alde guztiek irabazten dutelako. Hortik leloa: Euskara, sari ziurra.