Laudioko Udalak astelehen honetan, otsailaren 28an, hasi ditu udal bide eta kaleetan asfaltoa eta bide-zoruak hobetzeko eta egokitzeko lanak. Asfaltatze-lan horiek Laudioko hainbat gunetan egingo dira, zortzi tartetan guztira, eta gauzatzeko epea zortzi astekoa izango da. Yarritu S.A. enpresari esleitu zaizkio lanak, 132.912,45 euroko aurrekontuarekin, BEZ barne.
Jarduketak Oleta bidean, zehazki, 5. zenbakiaren izkinatik ur-biltegira doan bidearekin gurutzatzen den bidegurutzeraino doan tartean, Atxarte kalean, 5. zenbakitik 1.era, eta Kamaraka kalean, Txindoki kalearekin bat egiten duen punturaino, egingo dira. Laudioko Udalak egokituko dituen beste gune batzuk hauek izango dira: Zumeltza kaleko 3, 4 eta 5 zenbakietarako sarbidea, Larrazabal kaleko 9 eta 10 zenbakien arteko tartea (Goirizabal baserria), Altui biderako sarrera, A-625 errepidearekiko lotunetik Imitola baserriraino, eta San Bartolomerako igoera araztegitik. Landaluze kaleko 21., 23. eta 25. zenbakiak inguratzen dituen bidea ere saneatuko da.
Deskribatutako tarteetan zoruaren egungo egoera dela eta, berritu egin behar da, errodadura-geruzaren akatsak eta zoladuraren hondoratze puntualak konpontzeko,
eta hartara, ibilgailuen zirkulaziorako zoru segurua bermatzeko.
Murrizketak trafikoan
Zirkulazioa ez oztopatzeko, galtzadako errei bakoitzean txandaka jardungo da, eta bestea ibilgailuentzat libre utziko da. Lanak tarteka egingo dira, semaforoz erregulatutako pasabide alternatiboekin, eta alde bakoitzean balizatze-langileek lagunduta. Horrela, trafikoaren etengabeko joan-etorria bermatu eta interferentzia intentsiboak saihestu nahi dira.